COVID-19

Kutsatu berri bat baieztatu dute Lasarte-Orian azken orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 7a, 12:48

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak irailaren 6ko datuak bildu dituzte eta txostena argitaratu dute. Horren arabera, Lasarte-Orian kutsatze bat atzeman dute astelehenean, bezperan baino lau gutxiago. Azken hamalau egunetan 66 positibo erregistratu dituzte gure herrian; intzidentzia tasa metatua 346,55 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.117 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,2). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan sei positibo diagnostikatu dituzte astelehenean: hiru Andoainen eta bana Astigarragan, Lasarte-Orian eta Urnietan. Gure udalerria da eremu laranjan dagoen bakarra; beste guztiak horian daude gaur-gaurkoz.

EAEko hiru lurraldeetan 246 kasu zenbatu dituzte irailaren 6an; horietatik 83, Gipuzkoan. 6.151 PCR eta antigenoen proba egin dira guztira; ehunetik lau izan dira positiboak. 

Osakidetzako ospitaleetan 195 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; horietatik 62k sintoma larriak dituzte eta ZIU unitateetan daude. Astelehenean 38 gaixo erietxeratu behar izan dituzte.