Xumela koruak irailaren 20an ekingo dio ikasturte berriari

Txintxarri 2021ko ira. 7a, 11:22
Uztaileko kantu eta dantza jiran Xumelako kide ugarik hartu zuten parte.

Xumela koruko lagunak kantuan hasteko irrikaz daude. Jakinarazi dute irailaren 20an ekingo diotela ikasturte berriari, astelehenarekin. Oriarte Landaberri institutuan elkartuko dira, 19:30ean. "Ez dugu gutxieneko mailarik eskatzen eta atea zabalik dugu; herritar bakoitzak bere ilusiotik eta gogotik jar dezala aletxoa".

COVID-19aren pandemia tarteko, entseguak eta emanaldiak bertan behera utzi behar izan zituen koruak 2020ko martxoan, eta aurtengo uztailera arte ez dira berriro elkartu. Ttakun KEk antolatutako kantu eta dantza jiran parte hartu zuten orduan, giro ederrean.

Pixkanaka-pixkanaka egoera hobera doalakoan, 2021-2022 ikasturteari indar betean ekingo dio taldeak. Esan bezala, lehen entsegua irailaren 20an egingo du, Oriarte Landaberri BHI institutuan, 19:30etik 20:00etara. "Zerrenda pasa, kantatu, antolaketaz hitz egin eta ikasturterako planak egingo ditugu", aurreratu du Joxe Mari Agirretxek. "Eguraldiak laguntzen duen bitartean aulkiak patiora atera eta kanpoan ariko gara". 

Urteurren "berezia"

Agirretxek gogoratu du Xumela koruak 2006ko udazkenean ekin ziola ibilbideari; aurten, beraz, hamabost urte beteko ditu taldeak. "Hori ere ospatuko dugu, ez baita urteurren makala". Urtero legez, Josu Txapartegi Txapas lagun izango du taldeak, eskusoinu eta guzti. 

Koruko kide izan nahi dutenek 616 43 21 69 telefonora deitu dezakete.