Kantu eta dantzekin girotu dituzte kaleak Xumelako eta Plazadantzako kideek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 10a, 17:04

Oriamendi eta Loidibarren pilotalekua lotu dituen ibilbidea osatu dute bi egitasmoetako lagunek, txistulariek jotako doinuak lagunduta. 

Ohiko datak baino geroxeago heldu da aurten kantu eta dantza jira. Ttakun Kultur Elkarteak sanpedroetan antolatu ohi du, baina jairik izan ez denez, uztaileko bigarren asteburuan aurrera eraman dute ekimena. 

Oriamendin elkartu dira txistulariekin Xumela eta Plazadantza egitasmoetako kideak. Abiatu direnean, goiza goibel antzera bazegoen ere kantuan hasi eta eguzkia ateratzea, dena bat izan da. Helmuga zuten Loidibarren pilotalekura bidean,  Andatza eta Uzturre plazetan eta Tximistarreta parkean emanaldi laburra egin dute. Lehen horretan, bizpahiru kanta abestu eta dantza egiteaz gain, taldeko argazkia ateratzeko ere baliatu dute geldiunea.

Pilotalekura heltzean ere girotze lana egin dute. Ezin aproposagoa zen Topa dagigun kanta izan da lehena, Ttakun Kultur Elkarteko Xabier Matxainen ahotsa gehituta. Edalontzi faltan, eskuarekin keinua eginda edo kantutegiko liburuxka erabili dute topa irudikatzeko. 

Dantzan eta kantuan jarraitu dute sagardo dastaketan izena emana zuten lehen herritarrak heltzen joan diren bitartean. Saioa amaituta, atseden hartu eta sagardoarekin eztarria freskatzeko aukera izan dute antolatzaileek gorde dizkieten mahaietan eserita.