Sagardoak hartu du kantu eta dantzen lekukoa Loidibarrenen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 10a, 18:25

Ezohikotik zenbait osagai izan baditu ere, garrantzitsuena mantendu egin du Ttakun Kultur Elkarteak data hauen bueltan egin ohi duen sagardo dastaketak. Pandemiaren mugek berotasun pixka bat kendu badiote ere, pilotalekuan aurrera eraman duten jardueran giro ona ez da falta izan. 

Sarreran gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitu eta bakoitzak bere edalontzia jaso du, amaieran etxera eramateko aukera zuena. Pandemiak eragindako murrizketa eta neurrien ondorioz, bi txandetan bereizi dituzte izena eman dutenak; lehena, 12:30ean, eta bigarrena, 13:·30ean. Hala ere, batzuek, ordubete beharrean, ia bi igaro dituzte bertan.

Kantu eta dantza jira isiltzean, bozgorailuko musikak lagundu die mahaiak betetzen hasi direnei. Kalez kale ibili direnentzat mahai batzuk gorde dituzte eta batzu-batzuek aprobetxatu dute Telleri, Saltsate, Sollaenea, Zubillaga eta Buenabistako sagardoa dastatzeko aukera.

Etengabe batetik bestera ibili diren antolakuntzako kideek eraman dizkiete mahaietara botilak eta denak dastatzea izan dutela ziurtatu dute. Hala ere, batzuek euren kabuz ere eskatu diete probatu edo errepikatu nahi zutena  edaria zerbitzatzeko ardura zutenei.

Elkarren artean hizketaldia topa eta norberak eramandako janariarekin lagunduta, giro atseginean pasatu dute bazkalordua arteko tartea. Gehienak lasarteoriatarrak baziren ere, Lesakatik ondo pasatzeko gogoz etorri den lagun talde bat ere bazen, eta nahia bete dutela zirudien.