COVID-19

Abuztuan 160 kutsatze zenbatu dituzte Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 1a, 12:46

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak abuztuaren 31ko datu epidemiologikoak jaso dituzte txosten batean. Horren arabera, asteartean bost kutsatze baieztatu dituzte, eta hilabete osoan, 160, uztailean baino 29 gutxiago. Azken hamalau egunetan 69 positibo erregistratu dituzte gure herrian; intzidentzia-tasa metatua 362,3 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.098 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11. Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Eskualdean 23 kutsatze

Beterri-Buruntzako herri guztietan detektatu dituzte kutsatze berriak abuztuko azken egunean: zazpina Andoainen eta Hernanin, bost Lasarte-Orian, bi Usurbilen eta bana Astigarragan eta Urnietan. Gaur-gaurkoz, Usurbil da eremu gorrian dagoen eskualdeko udalerri bakarra.

135 kasu Gipuzkoan

EAEko hiru lurraldeetan 432 positibo diagnostikatu dituzte asteartean; horietatik 135, Gipuzkoan. 7.041 PCR eta antigenoen proba egin dituzte; horietatik %6,1 izan dira positiboak. Osakidetzako ospitaleetan 283 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; horietatik 71k sintoma larriagoak dituztenez, ZIU unitateetan daude. Abuztuaren 31n 48 gaixo erietxeratu behar izan dituzte COVID-19ak jota.

Erlazionatuak

Edukiera neurriak malgutzea erabaki du LABIk

Txintxarri Aldizkaria 2021 abu 30 Gizartea