COVID-19

Bost kutsatze zenbatu dituzte Lasarte-Orian azken orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abu. 31a, 12:42

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzako abuztuaren 30eko datu epidemiologikoak aztertu dituzte, eta txostena argitaratu dute. Horren arabera, Lasarte-Orian bost kutsatze baieztatu dituzte astelehenean, bezperan baino bat gehiago. Azken hamalau egunetan 67 kasu erregistratu dituzte gurean; intzidentzia-tasa metatua 351,80 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.093 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11. Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan zortzi positibo erregistratu dituzte abuztuko azken aurreko egunean: horietatik bost, Lasarte-Orian, eta beste hiruak, aldiz, Hernanin. Gaur-gaurkoz, Usurbil da eremu gorrian dagoen herri bakarra.

Gipuzkoan 105 kutsatze

EAEko hiru lurraldeetan 349 kasu detektatu dituzte azken 24 orduetan; horietatik 105, Gipuzkoan. 6.570 PCR eta antigenoen proba egin dira; %5,3 izan dira positiboak. Autonomia erkidego horretako intzidentzia-tasa 327,18 da, bezperan baino hamahiru puntu apalagoa.

Osakidetzako ospitaleetan 268 paziente daude koronabirusak jota; horietatik 72k sintoma larriak dituzte, eta ZIU unitateetan daude. Astelehenean 31 paziente ingresatu dituzte.

Erlazionatuak

Edukiera neurriak malgutzea erabaki du LABIk

Txintxarri Aldizkaria 2021 abu 30 Gizartea