COVID-19ari aurre egiteko ezarritako hainbat neurri malgutzeko erabakia hartu du LABI batzordeak astelehen goizean. Horrela, irailaren 1etik aurrera, edukiera %60ra handituko dutela iragarri dute, ostalaritzan izan ezik. Sektore horretan edukiera %50ekoa izango da asteazkenetik aurrera (orain arte %35eko zen), eta mahaien inguruan batu daitezkeen pertsona kopurua, berriz, seitik zortzira igo dute.
Kultur, kirol eta gizarte ekitaldietan gehienez 600 pertsona bildu ahal izango dira ekintza horiek barnealdean diren kasuetan, eta. 800, aldiz, kanpoaldean direnetan. Hori bai, 600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera onartuta dagoen esparruetan, barnealdean 800 pertsonako gehienezko edukiera ezarri dute, eta kanpoalderako, berriz, 1.200 pertsonakoa.
Jarduera ekonomiko, sozial eta kultural guztiak 01:00etan bukatzeko ordutegi-muga bere horretan mantentzea ere erabaki dute.
Maskararen erabilerari zuzenketa
Maskararen erabileraren inguruan zuzenketa bat ere egin du LABIk. Horrela, hondartzetako eta igerilekuetako joan-etorrietan nahitaezkoa izango da maskararen erabilera pertsonen arteko gutxiengo distantzia mantentzea ezinezkoa denean.