COVID-19

Sei kutsatze detektatu dituzte Lasarte-Orian asteazkenean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 29a, 12:47

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak uztailaren 28ko datu epidemiologikoak jaso dituzte, eta txostena argitaratu dute. Horren arabera, Lasarte-Orian sei kutsatze baieztatu dituzte asteazkenean, asteartean baino lau gutxiago. Azken hamalau egunetan 95 kasu erregistratu dituzte gure herrian; intzidentzia-tasa metatua 498,82 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.915 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik hamar. Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdean 33 kasu diagnostikatu dituzte asteazkenean: bederatzi Hernanin, zortzi Andoainen, seina Astigarragan eta Lasarte-Orian, hiru Usurbilen eta bat Urnietan. Herri guzti horietatik bost eremu gorrian daude, eta Usurbil horitik laranjara igaro da.

EAEko hiru lurraldeetan 1.576 kasu atzeman dituzte uztailaren 28an, horietatik 464, Gipuzkoan. 11.409 PCR eta antigenoen proba egin dira egun horretan, eta positiboak izan dira ehunetik ia hamalau (%13,8). Osakidetzako ospitaleetan 293 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; asteazkenean 43 gaixo berri erietxeratu dituzte.