Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.899 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik ia hamar (%9,9). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan 23 positibo diagnostikatu dituzte astelehenean: 11 Hernanin, bost Lasarte-Orian, hiru Andoainen, bi Astigarragan eta bana Urnietan eta Usurbilen. Azken herri hori salbu, gainontzeko guztiak eremu gorrian daude.
EAEko hiru lurraldeeetan 1.200 kutsatze atzeman dituzte azken 24 orduetan; horietatik 361, Gipuzkoan. 10.217 PCR eta antigenoen proba egin dira; positibotasun-tasa %11,7 izan da. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, portzentajea %5 baino altuagoa bada pandemia "ez dago kontrolpean".
Osakidetzako ospitaleetan 268 pertsona daude ingresatuta; larri daude horietatik 59, ZIU unitateetan. Uztailaren 26an 40 gaixo erietxeratu behar izan dituzte koronabirusagatik.