COVID-19

Koronabirusak ehun biztanletik hamar kutsatu ditu Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 28a, 12:33

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak uztailaren 27ko datu epidemiologikoak jaso dituzte, eta txostena argitaratu dute. Horren arabera, Lasarte-Orian hamar positibo detektatu dituzte asteartean, bezperan baino bost gehiago. Azken hamalau egunetan 108 kutsatze erregistratu dituzte gure herrian; intzidentzia-tasa metatua 567,08 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.909 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik hamar. Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan 31 kutsatze erregistratu dituzte uztailaren 27an: hamar Lasarte-Orian, zortzi Hernanin, zazpi Andoainen, hiru Astigarragan, bi Urnietan eta bat Usurbilen. Azken udalerri hori salbu, gainontzeko guztiak eremu gorrian daude.

EAEko hiru lurraldeetan 1.572 positibo diagnostikatu dituzte azken 24 orduetan; horietatik 433, Gipuzkoan. 11.647 PCR eta antigenoen proba egin dira; positiboak izan dira testen %13,5. 

Osakidetzako ospitaleetan 292 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; horietatik 60k sintoma larriagoak dituzte, eta ZIU unitateetan daude. Asteartean 63 gaixo erietxeratu behar izan dituzte.