SANTA ANA 2021

Sutan kiskali dituzte Angustias eta Pantxo akusatuak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko uzt. 27a, 13:50

Santa Ana eguneko parodiarekin barrez lehertu dira kultur etxeko ikus-entzuleak, sutara kondenatuak izan diren bi akusatuak izan ezik; garesti ordaindu dituzte urtean zehar egindako triskantzak Angustias Ezezkoalde Ezetzaprontok eta Pantxo Zilborraundi Niriezikutuk. Epaiketa hasi aurretik, antolatzaileek Jalgune elkartea omendu dute, Lasarte-Orian hainbat urtez egindako lanagatik.

Gau-giro aparta egin zuen atzo, Santa Ana eguneko parodiaz Okendo plazan gozatzeko ezin hobea. Tamalez, ezin izan zuen hala izan, COVID-19ak gure egunerokoa aztoratzen jarraitzen duelako, eta puri-purian daudelako bete beharreko osasun neurriak: distantzia soziala, maskarillak, aforo murrizketak... Hori dela eta, iaz bezala, Manuel Lekuona kultur etxean elkartu ziren aktoreak, antolatzaileak eta ikus-entzuleak, ikuskizunaren 71. edizioaz gozatzeko.

Ttakun Kultur Elkarteak duela 25 urte hartu zuen Manuel Sagardiaren lekukoa, eta orduz geroztik, urtero antolatu du parodia, baina ez bakarrik. Elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek azpimarratu zuenez, "jende asko" dago emanaldiaren atzean: aktoreak, gidoilariak, laguntzaileak, teknikariak, udala... Eskerrak eman zizkien horiei guztiei. Hastear zen parodiaz gozatzea opa zien ikus-entzule guztiei, eta baita duela aste gutxi zendu den Eloy Arroyori ere: "Urte asko eta askotan lagundu gaituzu; zauden tokian zaudela, goza ezazu emanaldiaz".

Bistan denez, epaiketan parte hartu zutenen ateraldiek eragin zuten barrez gain, hunkitzeko uneak ere izan ziren parodian. Esate baterako, omenduaren berri eman zutenean: antolatzaileek erabaki dute Jalgune elkarteari egitea aitortza, "urte luzez inklusioaren alde herrian egindako lanagatik". Kide guztien izenean, Edorta Hornillos eta Oscar Guinaldo (mikelete gisa parte hartu izan dute edizio ugaritan) igo ziren oholtza gainera, begiak dir-dir eta bihotza bor-bor. Lierni Rekondo bertsolaria irten zen oholtzara orduan, eta haientzat prestatutako bertsoa abestu zuen. Hona zatitxo bat: Jalgune eredu bihurtu zara urtetik urtera/Zenbat gozatu ta ikasi dugun zuekin batera (bis)/ Pausoka-pausoka jarrai dezazuela aurrera. 

"Egiaren guru berria"

Epaiketa hastear zela, inork espero ez zuen gonbidatu bat azaldu da kultur etxean: Miguel Bose. Berak irakurri du bandoa, eta hasi eta segituan ederra bota dio alkateari: "Egia zabaltzen ez duenez, hemen nago ni". Burua aluminiozko paperarekin estali du, eta kantuan hasi da, "egiaren guru berria" dela esan ostean: aipatu dituenen artean, COVID-19arekin "engainatu" egin gaituztela eta "kontrolatu" egin nahi gaituztela. Nahikoa astakeria bota zituela iritzita, epaileak hartu zuen esku azkenean, eta Bose aretotik kanporatzeko eskatu zuen. Orduan hasi zen epaiketa. 

Koronabirusak ederrak egin dizkie Santa Anari, San Joakini, basajaunari eta idazkariari. Positibo eman ostean, Mallorcako zenbait hoteletan daude konfinatuta, noiz etxeratuko zain. Hori dela eta, bideo-deien bitartez parte hartu behar izan dute aurtengo epaiketan.

Hasieran, bazirudien epaileak, abokatuak eta fiskalak elkar juzgatuko zutela, mokoka hasi baitziren, pistola eta guzti, western pelikuletan bezala. Protagonista nagusiak, ordea, ez ziren haiek, Lasarte-Orian makina bat triskantza eta alprojakeria egindako bi akusatuak baizik: Angustias Ezezkoalde Ezetzapronto eta Pantxo Zilborraundi Niriezikutu. Fiskala haien kontrako akusazioak aurkezten hasi zen.

Lehenengoa, hauxe: hondakinen gaikako bilketari dagkionez, Lasarte-Oriarena "kaka hutsaren hurrengo" dela. Hori berresteko, Ama nikolaxak eta bi semeek osatutako arratoi familiaren adibidea erakutsi zuen fiskalak; herrira etorri ziren erroldatzera animalia horiek, hondakinekin dagoen pagotxaz gozatu nahi dutelako. Horren atzetik etorri ziren urte eta erdi beranduago etxean konfinatuta jarraitzen duen herritarraren testigantza; apaizarena, akolitoarena eta bi mojena; eta terraza bilatu ezinik, Tajamarreko biribilgunea Tajabar taberna bilakatu zuten herritarrena. Horien guztien lekukotzak adi-adi entzun ostean, basajauna sartu zen berriro bideo-dei bitartez, eta akusatuak sutan erretzeko agindu zuen. Santa Ana eta San Joakinen iritzia ere jakin nahi izan zuen epaileak, baina haiek ez ziren busti, arazoa "lurtiarra" zela argudiatuta. 

Angustias, Pantxo eta abokatua artean negarrez eta aieneka ari zirela, koronabirusaren albo kalteengatik deabru bilakatu zen apaiza sartu zen, eta sardearekin sutara bidali zituen bi alprojak. 

2021. urteko Santa Ana parodia

Erlazionatuak

Meza eta dantza, Santa Ana Eguna hasteko

Txintxarri Aldizkaria 2021 uzt 26 Kultura