SANTA ANA 2021

Meza eta dantza, Santa Ana Eguna hasteko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 26a, 14:52

Ezohiko egoerara egokituta egin dituzte Santa Ana eguneko ospakizunak, baina, mugak muga, santuaren omenezko ekimenak ez dute hutsik egin aurten ere. Mezarekin ekin diote, lasarteoriatarrek Santa Ana Egunari. Jendetsua izan da Ama Brigitarren komentuan egin den ekitaldia, eta, ohi bezala, Erketz dantza taldeko kideek aurreskua dantzatu dute, aldare aurrean. Elizkizuna amaituta, zapi gorriz eta ikurrina batekin apaindutako Santa Ana karkabara joan dira. Eguerdiko hamabietan, errepidea moztu dute udaltzaingoek, eta San Pedro eliza aurrean elkartu diren herritar ugariren aurrean agurra dantzatu dute, txistu eta danbolin jotzaile baten doinuei jarraituz. Eguna amaitu aurretik, parodia egingo dute, gaueko 22:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean. Herriko kontuak landuko dituzte bertan, eta ekitaldi hori ikustera joan nahi duen herritarrik bada, oraindik gonbidapenak eskuratzeko aukera dagoela jakinarazi dute antolatzaileek. Horiek eskuratzeko, 21:00etatik aurrera joan beharko da, kultur etxeko leihatilara. Streamming bidez zuzenean ikusteko aukera ere izango dute herritarrek, honako helbide honetan: https://www.youtube.com/watch?app=desktop&v=DRrPxyynC-s&feature=youtu.be