Maialen Chourraut, "jaitsiera politaren" bila

Txintxarri Aldizkaria 2021eko uztailaren 23a

Maialen Chourraut, Tokioko kanalean entrenatzen. Arg.: BAT Basque Team

Iritsi dira Tokio 2020 Joko Olinpikoak. Urtebeteko atzerapenarekin bada ere, Japoniako hiriburua kirolariz bete da. Futboleko lehia egun batzuk lehenago hasi den arren, uztailaren 23an egingo da hasiera ekitaldia. Bost urtez lanean egin ostean, kirolariek euren onena emango dute dominak eta marka onenak eskuratzeko. Horien artean izango da, Maialen Chourraut herritarra

Eskarmentuko kirolaria da Maialen Chourraut pìraguista. 38 urteko kirolariak slalom K1 mailako nazioarteko txapelketa ugaritan parte hartu du. Maila gorenean lehiatu da  eta hamaika sari batu ditu, bi domin olinpiko horien artean, urrezkoa eta brontzezkoa. Izan ere, Chorrautek bere laugarren Joko olinpikoak baititu Tokio 2020koak.

2008an izan zen estrainekoz Joko Olinpikoetan, Pekinen. Ilusio handiz joan zen herritarra, baina epaileek ate bat igaro ez zuela adostuta, hamaseigarren postuan amaitu zuen lehia.

Ederki kendu zuen arantza hurrengo Jokoetan. Londres 2012an brontzezko domina jantzi zuen eta 2016an Rioko Joko Olinpikoetan podiumeko gorenera igo zen herritarra.

Lehiaren zain

Bide luzea egin du herritarrak eta lasai joan da bere laugarren Joko Olinpikoetara.

Uztailaren 8an, Tokiora iritsi zenetik lehiaketarako prest egoteko lanean da K1 mailako dominaduna. Piraguistarentzat kanalera eta Tokion egiten ari den berora moldatzea ezinbestekoa da lehiaketan bere onena emateko.

Uztailaren 25ean, igandean, izango du lehen proba Maialen Chourraut herritarrak, sailkapen proba.

Gaindituz gero, uztailaren 27an, asteartearekin, final-erdiak eta finala jokatuko lituzke.

Domina zail

Duela bost urte bezala, podiumean egotea amesten du Lasarte-Oriako palistak. Argi du, ordea, oso zaila izango dela.

Egun rankingeko zazpigarren postuan da Atletico San Sebastianeko kidea eta Jessica Fox da faborito nagusiena. K1 mailan eta C1 mailan lehiatuko da australiarra eta indartsu agertu da aurreko hilabeteetan jokatu diren hitzorduetan.

Baina edozer gerta liteke jaitsiera batean eta herriko kirolariaren aburuz hamabost palistek  dute aukera dominaren bat lortzeko. Foxez gain, Corinna Kuhnle austriarra, Ricarda Funk alemaniarra, Kimberley Woods ingelesa, Luuka Jones zeelandaberritar edo Ana Satila brasildarra dira Chourrauten ahotan dauden izenetako batzuk.

Chourrauten entrenatzaile eta bikote Xabier Etxanizek nabarmendu duenez, "kanala indartsua da eta urak mugimendu handia izan dezake. Gogorra izango da lehia".

Lehia handia aurreikusten da beraz K1 mailan. Lasarteoriatarrak bere onena emango du jaitsiera bakoitzean.

Iazko uztailean TXINTXARRIren 1.511. zenbakian argitaratutako elkarrizketan Chourrautek berak aipatu legez, "helburua ahalik eta gauzarik politena egitea da. Eta jaitsiera polit batekin, dominetan egoteko aukera era izango genuke."

Bidea ez erraza

COVID 19ak eragindako bost urteko ziklo olinpikoa, ordea, ez da erraza izan Lasarte-Oriako kirolariarentzat.

Bertigoak, saihets-hezur baten haustura, material aldaketak, senitarteko baten galera... iaz egindako elkarrizketan guztia azaldu zuen olinpiar dominadunak.

Eta azken bi urteetan, gainera, COVID-19ak eragindako egoerari aurre egin behar izan dio. Egutegi zehatz baten faltan, antolatu diren lehiaketa gutxietan parte hartu du eta prebentzio modura, batzuetara ez aurkeztea ere erabaki dute. Munduko txapelketa, esate baterako.

Ezin bidaiatzea ere zailtasun bat izan da. Iaz La Seu D'Urgell utzi eta Donostiara itzuli zen herritarra. Donostian, Bidasoa ibaian eta Pauen entrenatzen ari da eta mugikortasun murrizketek baldintzatu dute bere jarduna.

Tokiko kanalean ere lan egin ezin izan duenez, Paris 2024 Joko Olinpikoetako kanalean entrenatu da herritarra. 

Paris eta Tokioko kanalek dituzten antzekotasunarengatik aukeratu zuten Vaires-sur-Marne kanala eta bertan findu du bere prestaketa.

Hala ere, ez da guztia txarrerako izan. Aldaketa teknikoak egin eta horiek bereganatzeko baliatu zuen itxialdia herritarrak eta bere etorkizunari buruz ere hausnartu zuen.

Igandetik aurrera, bost urte hauetan eta, batez ere, azken urtean egindako lan guztia gauzatzeko hitzordua izango du herritarrak. Bere helburua lehen postuetara eramango duen "jaitsiera polita" lortzea izango da.