Maialen Chourraut: "Lehiaketak badaude ongi etorriak izango dira"

Nerea Eizagirre 2020ko aza. 6a, 12:00
Maialen Chourraut 2019. urteko Munduko Txapelketako finalean. Arg.: rfep.es

2021. urteko Tokioko Joko Olinpikoak helburu, Pauen (Frantzia) asteburu honetan jokatuko den Munduko Kopako proban lehiatuko da herritarra

Pauerako bidean hitz egin genuen lehengo asteko ostegunean Maialen Chourraut piraguistarekin (Lasarte-Oria, 1983). Asteburu honetan jokatuko den Munduko Kopako proba prestatzeko saioak egin behar zituen, baina Frantziako Gobernuak ezarri behar zituen neurriek zein eragin izango zituzten ez zekien. Egun Frantziako muga itxia dago, baina txapelketa aurrera eramango da. Lasarte-Oriako palistarekin azkenekoz hitz egin genuenean udazkenean hainbat lehiaketetan parte hartzeko asmoa agertu zuen. Espainiako selekzioak talde olinpikoa babesteko erabakiak, ordea, bere jarduna murriztu du. Erabaki horri eta lehiaketa faltari buruz hitz egin dugu herritarrarekin.

Ezin izan duzu aurtengo Europako Txapelketan parte hartu Espainiako Selekzioak talde olinpikoa babestu nahi izan duelako.

Horrela da, irailean Europako txapelketa egin behar zen Pragan. Abuztuan bertara joan ginen txapelketa prestatzera, baina egingo ote zen jakin gabe. 

Espainiako federazioak abuztu amaieran esan zuen, talde olinpikoa babesteko, taldeko kideek ez zutela Europako Txapelketan parte hartuko. Izan ere, taldea ez  baitzegoen guztiz osaturik, kanoe mailako nesken ordezkaria falta zen eta aukeratze-proba egin behar zuten. 

La Seu d'Urgelleko proba hori Pragako txapelketaren ostean egingo zen, beraz, txapelketan edozer gertatu izan balitz, kutsatzeren bat edo, ezingo litzateke plaza olinpiko hori zegokion datan zehaztu. Beraz, talde olinpikoa ez zen Europako Txapelketara joan eta beste talde ofizial bat joan zen. Ni talde olinpikoan nagoenez, ez nintzen joan.

Aukeratze-saio horretan parte hartu eta K1ean lehen postua lortu zenuen. 

Bai, horrela da. Gainera, Munduko Kopako txapelketa batera joateko txartelak zeuden jokoan.

Baina guztia airean dago Frantziako gobernuak hartutako erabakien ostean. Pauen antolatzekoa zenez, ez dakigu egin ahalko den ere. 

Paueko Munduko kopa aipatu duzu, aurten ez duzue aukera askorik izan txapelketa horretako probetan parte hartzeko.
Munduko Kopako probak bost ziren eta bi antolatu dira. Bat Esloveniako hiriburuan egin zen, Ljubljanan, duela bi aste. Gu ez ginen joan, herrialde gutxi joan ziren. Eta Pauekoa da bigarrena. 

Gainera, beste proba bat Pragan zen, baina bertan behera utzi zuten eta Europako txapelketa antolatzea erabaki zuten. Berez, Europako Txapelketa Londresen zen maiatzean, baina ezin izan zen egin.

Aurten lehiatzeko geratzen zaidan lehiaketa bakarra Munduko Kopa da. Egiten bada, ondo, eta bestela ere bai. Dena ulertzekoa da eta onartu daiteke.

Espero zenituen baino txapelketa gutxiago egin ahal izan dituzue, beraz.

Udara osoan ezjakintasun handia izan dugu txapelketei dagokionez, baina guk itxialditik gure helburua argi genuen, Tokio 2021, eta nire entrenamendu saioak hitzordu horri begira bideratu ditugu. 

Lehiaketak egin edo ez egin, ba… Egiten badira guk aprobetxatuko ditugu lehiaketa lantzeko baina argi edukita gure helburua 2021. urtean dagoela.

Hilabete batzuk daramatzagu ikusten egoera oso ezegonkorra dela eta emozionalki ez dugu kolpea hartzen txapelketaren bat bertan behera geratzen bada. Egoera horrelakoa da, zaila da eta jende asko gaizki pasatzen ari da. 

Guk prestaketa 2021. urteari begira jarri dugu, lehiaketak badaude ongi etorriak izango dira eta oraindik gehiago ikasteko aprobetxatuko dugu. Baina ez badaude, aurrera jarraituko dugu lanean.

Baina lehia gutxi egoteak, Tokioko prestaketa zaildu dezake.

Azken finean gehiengoari gertatuko zaiona da. 

Tokiora iristeko urte bete baino gutxiago geratzen da. Orain egingo ditugun txapelketak pista bat eman dezakete, baina oraindik asko falta da. 

Aldi berean, nazioartean egin diren kontrol proba batzuk egiten joan gara eta frantsesek antolatzen dituzten lehiaketa batzuetan entrenamendu modura, La Seu D’Urgellen egindako aukeratze-proba egin genuen, beste neska batzuekin ere lehia modu entrenamenduak egiten saiatu gara. Eta lehiaketen faltan, horrelako probekin goaz pixkanaka prestatzen. 

Hurrengo urteari begira, dena airean dago. Egunetik egunera gauzak asko aldatzen dira. Bihar gertatuko dena ez dakigu. Orain gertatzen dena dakigu. 
Badugu estruktura bat pentsatuta, baina ikusiko da zer gertatzen den. Aurrera badoa lehiaketa batzuk egingo ditugu Jokoak baino lehen eta horiekin saiatuko gara lehiaketari puntua hartzen.

COVID-19aren aurka hartutako azken neurriek zein eragin du zure jardunean?

Gu Pauera asko joaten gara entrenatzera eta azken egunetako berrien arabera, eragina handia izan daiteke. 

Oso kanal ona da Pauen dagoena eta asko baliatzen gara hortaz. Pauera joan ezingo banu, entrenatzeko aukera handi bat galtzen dugu. 

Baina aurtengo urtea adaptazio urtea da, ezjakintasun honekin aurrera ateratzeko urtea eta bakoitzak daukan onena atera behar du. Egoera honi aurre egiteko gai bagara, lehiari begira indartsuagoak izango garela uste dut. Izan ere, dauzkagun baliabideak ahal dugun modu onenean aprobetxatu baititugu. Modu positibo batean hartu behar da.