Maialen Chourraut: "Guk zortea daukagu, gustatzen zaiguna egiten dugu eta erraztasunak dauzkagu gure lana egiteko"

Nerea Eizagirre 2020ko uzt. 24a, 11:30
Maialen Chourraut Yurramendi, Oria ibaia atzean duela.

Egun hauetan, dagoeneko Tokion egon beharko luke Maialen Chourraut Yurramendi (Lasarte-Oria, 1983) palistak. Uztailaren 26an sailkapen txanda izango zuen eta hori igaroz gero, bi egun geroago final-erdiak eta finala izango ziren. COVID-19aren eraginez, ordea, Joko Olinpikoak urte betez atzeratu dira. Lau urte hauetako ziklo olinpikoa ez da erraza izan herritarrarentzat eta atzerapenak hitzordu garrantzitsua hobeto prestatzeko aukera emango dio. Hala ere, bidea ez da ziurra

Erabaki ugari ere hartu ditu Chourrautek azken urte honetan etorkizunari buruz eta horietako bat, etxera bueltatzea da. Duela hamabost urte Lasarte-Oriatik La Seu D'Urgellera, Herrialde Katalanak, joan behar izan zuen bere ibilbidean aurrera egin eta bere ametsa gauzatu ahal izateko. Orain, Donostian biziko da "familiatik gertu". Olinpiar Jokoetako dominadun bikoitzarekin -Londres 2012, berontzea eta Rio 2016, urrea- solasean egon gara horretaz guztiaz eta beste gai batzuetaz. 

Oraintxe Tokion egon beharko zinateke lehiaketan, baina COVID-19a dela-eta, 2021ean izango dira. Nola hartu zenuen erabakia?

Orain ez dut pentsatzen Tokion egon behar nuenik, prozesu hori martxoan gainditu nuen. 

Esan zuten eguna baino lehen, gu etxean ginen esanaz, "nola egingo dituzte gu hemen etxean bagaude eta beste herrialdeetan, entrenatu gabe badaude? Nola bidaiatuko dugu? Nola...?" Eta hasiera batean baiezkoa zioen Komite Olinpikoak eta guk ez genuen ikusten. Baina ezetza esan zutenean, "baina nola ezetz!" izan zen. "Lau urte entrenatzen egon eta gero, azkeneko bizpa hiru hilabeteak geratzen dira..."

Gainera, larrialdi egoera ezarri zenean, denboraldi berriari hasiera eman berri zineten, ezta?
Bai, horrela da. Larrialdi egoera ezarri baino aste bete lehenago egin nuen lehen lehiaketa. Eta motorrak berotzen hasi eta azken txanpa geratzen zen. 

Orduan, urte bete atzeratzen zirela eta “agur jokoak” onartzea... Egun horiek izan ziren pixkat arraroak. 

“Orain da” sentimendua, udako planak eta datorren urterako… guztia hankaz gora jarri zen.

Hala ere, larrialdi egoerari alde ona atera diozu.

Orain hori esaten dut, baina nire haserreak izan ditut etxean ginenean.

Nik ez ditut inoiz pasa hiru hilabete etxean. Ez naiz inoiz hainbeste denbora egon. Gehienez bi aste edo hiru egoten gara. Urteak dira hainbeste denbora etxean pasatzen ez nuela. 

Eta bat-batean hiru hilabetez apenas atera gabe, gainera ohitura goiz eta arratsaldez kalean egoten, piraguan ibiltzen… 

Niri ez zait erraza egin. Baina behin aterata eta entrenatzen hasita iruditzen zait hori oso urrunean geratu dela. Ez zela hain gogorra izan, baino momentu askotan gauza onak aurkitzea ez da erraza. Egindako gauza txikiei garrantzia eman eta horrekin gozatzea ikasi dut.

Gainera, larrialdi egoeran, etxean denbora asko zegoen pentsatzeko, helburu berriak finkatzeko, reset egin, guztia formateatu eta hasieratik guztia berriro egituratzeko. 

Baina arazo batekin aurkitzen ginen lan egiterako orduan, egutegia. Zertarako; noizko entrenatuko dugu. Ze planifikazio egin. Urteko egutegiko garai bakoitzak bere entrenamendu zehatza behar du helburura %100era iristeko. 

Baina gero hasten zara pentsatzen: “ze egongo naiz lastimatzen, hau ezin dut egin pentsatzen”. Hoberena da alderdi onak hartu, momentuan zehaztu zer egin nahi dugun eta horri eutsi gara.

Lehiaketen etena ongi etorri zaizu, orduan.
Niretzako ziklo olinpikoa oso gogorra izan zen, lau urte oso gogor bai lesioak, bai pertsonalki ere, aitaren galera... 
Hautaketa probak, munduko probak… iruditzen zitzaidan ez zidala denborarik ematen helburua ongi prestatzeko, lana era konstante batean egiteko. 

Arazo asko batzen zitzaizkidan eta dena ondo zihoala zirudienean, hurrengo oztopoa suertatzen zen.

Joko osteko urte osoa bertigoekin egon nintzen eta oso gogorra izan zen. Etzaten nintzen bakoitzean, burua atzera botatzen nuen bakoitzean… Mundua, dena mugitzen zitzaidan. Gimnasioan etzaten nintzen bakoitzean, piraguan saihestu behar nuen ate bakoitzean, ezegonkortasun bat nuen bakoitzean eta entrenamendu guztiak zuri-zuri eginda bukatzea, sekulako zorabioarekin. Etxera joan, gauzak prestatu eta arratsaldean berriro. 

Eguzkiarekin ere oso gaizki pasatzen nuen eta lehiaketa egunetan, estresarekin, handitu egiten zitzaidan. Gauean amesten nuen eta “berriro ere”, esnatu eta bertigoak… 

Bertigoak joan eta aste betera, ez ziren egun gehiago izan, saihetsean mina hasi zitzaidan. 

Lau hilabete egon nintzen minarekin. Kriston mina nuen eta arnas bideko infekzioak ere izan nituen. Urgentzietara behin baino gehiagotan igo nintzen.

Lau hilabetetara pneumonia edo zer neukan ikusteko plaka bat egin eta saihets-hezur bat soldatzen ari zela ikusi zuten. 
Saihetsa puskatua zegoen eta hilabete horietan ia egunero piraguan igo, ibiltzen saiatu eta "ezin naiz ibili", piragua utzi, berriro etxera. Horrela egun, bat, beste bat, aste bat, beste aste bat… Gainera, gaixo jartzen nintzenez ezin nuen arnas ongi hartu eta kriston mina nuen. 

Martxoan hautaketa probak genituen, ezin apenas entrenatu, minarekin. Zeren eta ezin entrenatu baino, mina izan baitzen txarrena. Eta "benga beste denboraldi bat prestatzen". Ezin dezula, korrika eta presaka. 

Hurrengo urtean guztia ongi zihoala, aitarena gertatu zen. Aitarena kolpe gogorra izan zen eta azkenean, minak eta beste gauzak baino okerragoa. 

Aurten COVIDa. Baina COVIDarena aukera bezala hartzen dut. Ea urte eta erdi on bat elkarten dudan.

Ez da ziklo olinpiko erraza izan, batere. Gogorra izan da. Baina oraina bizi behar dugu eta horri eutsi. 

Materialarekin ere arazoak izan zenituen, ezta?

Bai, piragua aldaketa izan nuen eta gustuko piragua aurkitzea asko kosta zitzaidan.

Aurreko urtean, 2019ko azaroan, hainbat piraguaren ostean, piragua bat probatu nuen, pixkat handia zen, baina gustuko nuen. 

Eta larrialdi egoera ezarri baino bost egun lehenago, neurri perfektuko piragua iritsi zitzaidan. Probatu eta “hau izango da piragua olinpikoa sentitu nuen”. 

Azkenean, ongi gordeta geratu behar izan zuen eta Joko olinpikoak atzeratu zituztenean, pentsatu genuen: “Beno urte bete gehiago ohitzeko”.  

Larrialdi egoeran guztia berriro egitaratu duzuela aipatu duzu. Zein aldaketa egin dituzue?

Teknikoki ausartzen ez ginen aldaketetan lan egin eta hori guztia neureganatzeko aukera ikusi genuen. 

Eta horretan ari gara. Teknikoki aldaketak egin, keinu berria automatizatzen eta aukera on bat bezala ikusi dut. 

Bideo analisirako ere programa bat aldatu dugu eta horrekin gauzak ezberdin eta hobeto ikusten ditugu eta jokoak ez balituzte urte bete atzeratu izan, ez ginateke ausartuko hori aldatzen eta orain ari garen gauzak bilatzen.

Batzuk diote beteranian sartzean, ba aukera baino kontra egitea dela, baina nik nahiago dut gauzak positiboki hartu eta abagune bat dela pentsatzea. Gainera, horrela sentitzen det.

Eta hori guztia aurrera eramateko, larrialdi egoeran nola moldatu zarete entrenatzeko? 

Hasiera hamabost egunetarako gauza izango zela pentsatzen genuen eta hamabost egun piragua ukitu gabe iruditzen zitzaigun, “buah!! Zein astakeria!!” 

Orduan, entrenatzen dugun Parc del Segreko gimnasiotik materiala hartzen utzi ziguten eta guztion artean banatu genuen materiala. Etxeko garajean toki pixka bat egin genuen kotxea kalean utzita eta gimnasio antzeko zerbait moldatu genuen. 

Lehen astea ez nuen ongi eraman. Egunean goiz eta arratsalde piraguan egotera ohitu egonda, uretan egotea, lan espezifiko hori galtzea… Gimnasioara ere joaten nintzen, zeren eta ia egunera joaten bainaiz, baina bat-batean lehorreko lana egitea gogorra izan zen. 

Lehenengo asteko haserre hori segituan pasa zen. Azkenean dinamika hartzen duzu eta gustuko ez duzuna aurrera ateratzean betetzen zaitu eta, egia esanda, garajetik etxera igotzean gustura igotzen nintzen

Bakarka egin duzu lan, orduan.

Ez. Nik etxean egindako lanaz gain, taldean modu kolektiboan egiteko saioak jartzen zituzten. Guztia birtualki. 

Coronagames deitzen zioten eta lehia txikia zen. Fisikoki oso gogorra. Baina lehia txiki hori dibertigarria zen, batzutan binakako taldeak egiten ziren eta asten bitan Coronagames horiek egiten genituen eta astean beste pare bat egun luzaketak. Hitzaldi batzuk ere egon ziren… 

Azkenean larrialdi egoera igaro zen eta probetxuzko gauzak atera genituen. Lana beste era batera egin genuen. Eta esan bezala, gauzak modu positiboan begiratu behar dira, gauza bat gustuko ez duzunean eta aurrera ateratzen duzunean, ba moralki hobeto zaude.

Maialen Chourraut, La Seu d'Urgellen 2019ko irailean jokatu zen Munduko txapeketan lehian. Arg.: rfep.es

Eta etxetik ateratzeko baimena eman zizuetenean, nola joan zen?

Kirola egiteko baimena eman zuten lehen egunetan ezin ginen kanalean ibili, La Seutik ere ezin ginen atera, kotxea ere ezin zen hartu eta etxe ondoan ibaia jaisten zen eta putzutxo bat bazegoen. Ez zen asko, 100 metro eta piragua sorbaldan hartuta putzutxo horretara joan ginen lehenengo paladak ematera. 

Larunbat eta igande bat izan zen hori eta, astelehenean, baimena genuen goi mailako kirolari izateagatik, kotxea hartu eta eremutik ibiltzeko. La Seutik gertu badago Arfa izeneko herri txiki bat eta hor ibaia dago, pixkat moldatua, eslaloma egiteko. Gainera, ibaia urez ondo zegoen. Bertan bi aste egin genituen, uste dut, La Seuko kanala ireki arte. 

Beldurra handia genuen lesioekin. Kontu handiarekin ibili behar izan genuen. Gorputzaren mugimendu espezifikoak ongi amaitu, eta hasieran asko kosta zen, baina gutxinaka martxa hartzen joan ginen. 

Pixkanakako itzulera hori ongi joan zen. Segituan lehiatu behar bazara edo kanalak ur intentsitate handia duela… Horrela gorputzari ohitzeko denbora eman genion eta keinura ohitzeko.

Hasieran, gezurra dirudi, baina piragua hartu eta lehen minutuak desastre bat izan ziren. "Kanka!" ematen genion palarekin piraguari. 

Larrialdi egoeran ergonometroan lanean egon ginen. Soka batekin palari tira egiten dio, eta keinua ezberdina da. Guztiei gertatu zitzaigun. Lehenengo paladak uretara sartu beharrean, piraguaren aurka izan ziren.

La Seuko kanala ireki zuten eta goizetan ordu eta erdiz ura ematen ziguten, ur dezente egon da eta asko gozatu dugu. Orokorrean pila gozatu dugu. Eguraldi ona, negua atzean utzita… 

Gainera, lantzen ari garen gauzak kostatzen dira, aldaketak egitea kosta egiten da eta orain pixkanaka-pixkanaka emaitzak ikusten dira. Oraindik asko falta da, baina ondo goaz.

Segurtasun neurriak-eta mantentzeko ere jarduna moldatu behar izango zenuten, noski.

Gure kirola kirol indibiduala da. Tartea mantendu dezakegu, ez gaude elkarrekin eta ez daukagu kontaktu fisikorik. Egia esan kirol ona daukagu oraingo egoerari aurre egiteko.

Parc del Segren duela bi astera arte ez zuten aldagela ireki, orain arte itxita egon dira. Biltokia ere itxita egon da, beraz, piraguak kalean horretarako prestatu zituzten leku batzuetan gorde zitezkeen. Baina hor eguzkia ematen zien eta niri ez zitzaidan gustatzen. Beraz, egunero etxetik eraman eta ekartzen nuen. 

Etxetik piraguistaz jantzita joaten ginen. Entrenatzaileak musukoarekin joan behar ziren eta ez zen erraza. Orain denak egon behar dugu. Eguzkipean gainera bi orduz, eguerdiko hiruretan edo eguerdik ordu batetan hor musukoarekin. 

Baina egin behar da eta egiten da ahalik eta modu onenean. 

Eta batez ere, aipatu bezala, giroa ona izan dugu. Pozik ginen uretan egon ahal izateagatik. Entrenatzen giroa ona denean atsegina izaten da. Hori oso polita da. Gainera hainbeste denbora etxean egon eta gero, uretan ezin ibili. Giro oso polita izan da.

Guk zortea daukagu nolabait gustatzen zaiguna egiten dugu; erraztasunak dauzkagu gure lana egiteko.

Ez dugu lehiatzen eta hori da gure lana, baina entrenatzeko erraztasunak ditugu eta badakigu Jokoak hurrengo urtean badira eta egiten badira ahalik eta modu hoberenean egingo dugula.

Hau guztiaz gain, itxialdian 'Maialen Chourraut: Beldurretan arraunean" dokumentala estreinatu zen. Bertan zure ibilbidearen laburpen bat ikusten da eta Riotik 2020ko martxora arteko zure jardunaren jarraipena ikusi daiteke. Nolakoa izan zen esperientzia?

Iñigo Asensioak erraz jarri zigun dena. Hau egitea onartu genuen Iñigo zelako zuzendari eta hark dena eramango zuelako. 

Iñigo Basqueteamekin egon zen lanean, 2011etik uste dut. Eta oso jatorra eta zintzoa da, beno apasionatu bat da. Egiten duenaren apasionatu bat da. 

Beti izan dugu harreman ona eta proposatu zigunean hor ibili ginen ezbaian. Niri ere ez zait asko gustatzen jende aurrean jarri eta gauzak egitea, baina… Iñigok asko errespetatu zuen nire izateko modua, nire mugitzeko modua eta egin zuen lana eta atera duena.

Kriston dokumentala egin du Iñigok. Nik esaten dut pertsona pribilegiatu bat naizela. Begira zein opari egin didan Iñigok, betirako.

Batez ere, istorioa nola lotzen duen. Hastapenak zein ondo ikusten diren. Luis Murgiari egiten dion elkarrizketa, niretzat Luisi egiten dion omenaldi bat da, Luisen figura gure klubean, Atletico San Sebastianen, oso maitatua da. Eta nire aita eta familia daude. 

Eta ni, nire beldurrak. Askotan ez dakit kanpotik zer ikusiko den, baina nik zalantza egiten dudan pertsona naiz. 

Helburu handiak prestatzea gustuko dut, baina sekulako borroka internoak izaten ditut. Bideari eusteko, erortzen naizenean altxatzekoeta erortzeko beldur hori…

Dokumentalaren hasieran ikusten da, Riorako hegazkina hartu baino lehenago zalantza izan zenuela.

Bai, horrela izan zen gainera. Etxetik atera eta traste guztiak kargatu, Ane txikia, Raquelen Aneren zaintzailearen bila gindoazen eta hori gertatu zen. 

Tokioko olinpiar jokoetarako prestatzen ari zara, baina oraindik  Espainiako Federazioak ez du baieztatu txartela lortu zenuten palistak joango zaretenik.

Oraindik ez dakigu zer gertatuko den, ez dakigu hautaketa probak egin beharko ditugun… 

Plaza olinpikoaren probak 2019an izan genituen eta tentsio handiko urtea izan zen helburua aurrera eramateko.

Azkenean, mundiala genuen etxean La Seun, baina garrantzia zuena plaza olinpikoa zen. Nazioarteko Federazioak herrialdeentzako plaza olinpikoak banatzen zituen eta horretaz gain, guk uda osoan zehar gure hautaketa proba propioak genituen. Espainiako Federazioak ezarritako probak ziren eta aukera zegoen irailerako Munduko Txapelketan plaza horri izena eta abizena jartzekoa. Eta nire helburua hori zen. 

Nazioarteko lehiaketa guztietan saiatu nintzen ahal nuen puntuaketa hoberena lortzen plaza hori ziurtatzeko. Garrantzitsua zen finaletan egotea; finalak ez ziren oso onak izan, baina irailerako lortu nuen izen-abizenak jartzea.

Orain zer gertatzen da, Jokoak 2021ean dira eta ia bi urte lehenago jarri genion izena plazari, bagaude hiru kirolari izena eta abizena jarrita baina bi urte lehenago lortutako plaza batean. Logikoa den bezala, edo behintzat nire ikuspuntua da, zeren eta bakoitzak bere iritzia baitauka, Tokiora ez da joan behar orain dela bi urte hoberena zenak, baizik eta momentuan hoberena denak joan behar du. 

Eta gauza horiek guztiak uretan ikusi behar dira eta uretako lehiatik ateratzen da emaitza. Ea zer gertatzen den, zer esaten duten. 

Eta egiten dutena ere onartu beharko da, jokoa horrela delako. Niri ez zait faena bat iruditzen.

Ez det uste orain kriston astakeria egingo dutenik eta lehiaketa bakarrean guztia jokoan egongo denik. Pentsatzen det erregulartasuna eskatuko dela. Baina ez dakit, ez dakit zer eskatuko den. Agian plaza gurea dela esaten dute, baina ezin da jakin. 

Ez dakigu, baina konfiantza daukat uretan jokatu behar badugu era justu batean izango dela.

Eta gainera, hori ona da. Ez dut Jokoetara joan nahi pentsatzen beste neska bat ni baino azkarrago doala. Horrekin ez naiz ziur iritsiko jokoetara. Horregatik, joan behar da hoberena dena.

Hala ere, prest egoteko ere ez duzue erraz izango. Aipatu duzun bezala, egutegi faltan egon zarete eta lehiaketak beharko dituzue arerioen indarrak neurtzeko.

Nazioarteko Federazioak ezarri du behin-behineko egutegia. Gu zain geunden, zeren eta hasieran ekainaren ez dakit zein datara arte ez da txapelketarik izango esan baitzuen. Gero atzeratzen joan zen. 

Azkenekoz esan dutenez, Munduko Kopako bi proba izango dira, bat urrian Tachenen, Eslovenian eta azaro hasieran Pauen, Frantzian. Gure ideia Pauera joatea da, ez Tachenera. 

Munduko Kopak ez lirateke ofizialak izango eta ez lirateke munduko sailkapenerako baliagarri izango. 

Gainera, irail erdialdean, Europako Txapelketa dago Pragan. Ez dakigu joan edo ez, zeren eta oraindik herrialde batzuk ezin baitute bidaiatu. Ikusiko dugu. 

Orain atera duten egutegi honen arabera, Espainiako Federazioak ere argitaratu du berea. Zain zegoen, lehiaketetara joateko talde osatu behar baita. 

Abuztuko azken aurreko asteburuan Espainiako Txapelketa dugu eta Espainiako Kopako proba bat La Seun iraileko lehenengo asteburuan, taldea osatzeko. 

Baina, ikusi dugunez, gauzak egun batetik bestera aldatzen doaz, astetik astera gehiago eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Gainera, egiten ari garen prestakuntza ez da lehiaketa zehatz batetarako, ez gaude lan espezifiko bat egiten orain lehiatzeko. Tokiora begira ari gara dena egiten. 

Ikusiko da, agian moldatu behar dugu. Baina egia da egutegi bat antolatzea oso zaila dela ezer ez delako ziurra. Esate baterako, Pragara entrenatzera joan nahiko genuke, baina ez dakigu zer gertatuko den.

Bidaiak aipatu dituzu, nola moldatzen zarete?

Buruhauste handiak izaten ari gara. Horrela egingo dugula, beste era batera egingo dugula... 

Orain Donostian bizi garela, La Seura asko joaten saiatuko gara, eta Pauera.

Pragara ere abuztu hasieran joan nahi dugu, posible bada, eta Europako Txapelketako data mantentzen bada. Baina oraindik ez dugu ezer ixten.

Bidaiatzeak ere orain atzeraka ematen dit. Bidaiatzu eta konfinatua geratzea, edo hegazkinean norbaitek positibo eman duelako… probabilitate asko dago horrelako arazotxoren batean sartzekoa. Beraz, ikusiko dugu. Egunetik egunera joango gara aztertzen.

Chourrautek urrezko domina eskuratu zuen, Rioko Joko Olinpikoetan. Arg.: RTVE

Tokiorako bidean nortzuk izango dira zure arerioak?

Goiz da, baina ziklo olinpiko honetan Jessica Fox eta Ricarda Funk izan dira hoberenak dudarik gabe. Gero beste multzo bat dago eta ni ere bertan naiz oso indartsu doana, baina haiek pauso bat aurrerago joan dira. 

Bai batak eta bai besteak Rion zeukaten aukera. 

Fox zilarra izan zen Londresen eta momentu honetan emaitza historikoak ari da lortzen. Bere gurasoak ere munduko piraguista hoberenetarikoak izan ziren bere garaian eta Riora irabaztera zihoan. Brontzezko domina lortu zuen eta min horrekin bi pauso aurrera egin zituen eta kriston gogoarekin egon da entrenatzen eta lehiatzen. Eta oso piraguista ona da.

Aldi berean, Ricarda Funk alemaniarra faborita zen. Rioko olinpiar-aurrean denak baino azkarrago zihoan. 

Baina bere herrialdeko selekzioko probetan laugarren geratu zen. Finalaurreko guztiak irabazi zituen, baina finalak zituzten kontuan eta taldetik eta Joko olinpikoetatik kanpo geratu zen. Eta berak ere arantzatxo hori dauka. 

Ez da Joko Olinpiko batzuetan inoiz egon. Kriston gogoa du Jokoetan egoteko eta bere papera egiteko. 

Ziklo olinpikoan kriston gosearekin egon da. Oso bizkor, nabegazio oso onarekin. 

Bere entrenatzeko kidea 2018ko munduko K1 txapelduna da eta entrenamenduak ikusten badituzu, hura baino azkarrago doa eta bere kidea ez da edozein.

Fox eta Funk, beraz, oso indartsu egon dira eta beti eurei harrapatzeko gogoekin geratu naiz. Baina orain ez garenez lehiatu, ez dakigu zein egoeratan dauden. 

Australian egon zen azken lehiaketa otsailean eta Fox eta Funk indartsu jarraitzen zutela ikusi ahal izan genuen. Baina uste dut beraiei ere gogorra egin zaiela Jokoak urte bete atzeratzea. 

Eurek urte bete gehiago dute hobeto prestatzeko. Baina guk ere. Eta gure nahia urte horretan ahalik eta gehien eurei gerturatzea da.

Tokioko helburua domina lortzea da?

Joaten baldin bagara, helburua ahalik eta gauzarik politena egitea da. Eta jaitsiera polit batekin, dominetan egoteko aukera ere izango genuke. 

Ilusioa etxera domin batekin itzultzea da. Baina jakinda oso zaila dela. Baina oso zaila da guztiontzat, hiruk bakarrik lortuko baitute domina Tokion. Jokoak egiten badira...

Eta Tokioren ostean, piraguismoan jarraituko duzu, ezta?

2019ko neguan erabaki nuen zer egin Jokoen ostean. Ni pentsatzen hasi nintzen, "egunen batean lana edo zerbait egin beharko dut". Kanpotik, gainera, badirudi adina gainean dagoela eta atzetik datozen gazte asko daudela… 

Baina entrenamendu asko elkarbanatu nituen La Seun neska batzuekin eta bertan ikusi nuen oraindik ematen dudala. Nik eurei eta eurek niri ematen zidaten. Beraz, zergatik utzi hainbeste gustuko dudan gauza, kanpotik esaten didatelako. 

Eta zergatik itxaron. Nik ez nuen itxaron nahi Tokiora nire etorkizuna erabakitzeko. Emaitzaren arabera?! 

Nik hau gustuko dut. Entrenamenduak partekatzearekin neskak asebetetzen zirela, ikasten zutela ikusi nuen eta zertarako utzi, oraindik ematen badet. Ez dut utzi behar. 

Eta erabaki horrek ere eman zidan askatasuna, jarraitzeko, Tokiori presioa kentzeko. 

Azkenean niri hau gustatzen zait eta orain Jokoak atzeratu dituztela, ongi datorkit. Uztea edo ez uztea, nik badakit gustuko dudala eta gainera, oraindik balio dudala. Bai besteek ikasteko, baita guztien artean ikasteko eta guztion artean hobeak egiteko ere. 

Gero ikusiko da, etorkizuna ez dut argi ikusten, baina badakit buruari gustatzen zaion bitartean eta besteei emateko daukadan bitartean jarraitzeko gogoa dudala.

Gainera, Zubieta aldean, presa elektrikoaren inguruan, kanal bat egiteko proiektua dago. Nahiko aurreratua dago kontua, baina orain gertatu denarekin ez dakigu noiz gauzatu ahalko den. Eta nire kirolari bizitza han bukatzea gustatuko litzaidake.