Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.862 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik ia hamar (%9,8). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan 31 kutsatze erregistratu dituzte asteazkenean: hamabi Hernanin, zortzi Andoainen, lau Urnietan, hiru Lasarte-Orian eta bina Astigarragan eta Usurbilen. Azken udalerri hori salbu, gainontzeko guztiak eremu gorrian daude.
EAEko hiru lurralde historikoetan 1.801 positibo (horietatik 482, Gipuzkoan) diagnostikatu dituzte uztailaren 21ean; pandemia lehertu zenetik kopuru handiena izan da egun bakarrean. 13.120 PCR eta antigenoen proba egin dituzte kutsatze berriak atzemateko; horietatik %13,7k eman dute positibo.
Osakidetzako ospitaleetan 220 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; horietatik 48 larri daude, ZIU unitateetan. Asteazkenean 29 gaixo erietxeratu behar izan dituzte.