COVID-19

Lasarte-Orian zazpi kutsatze atzeman dituzte azken orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 21a, 13:10

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzako uztailaren 20ko datu epidemiologikoak jaso dituzte, eta txostena argitaratu dute. Horren arabera, Lasarte-Orian zazpi kutsatze atzeman dituzte asteartean, bezperan baino bat gutxiago. Azken hamalau egunetan 99 positibo erregistratu dituzte; intzidentzia-tasa metatua 519,82 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.859 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik ia hamar (%9,8). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan 32 kasu detektatu dituzte asteartean: 11 Andoainen, zortzi Hernanin, zazpi Lasarte-Orian, eta hiruna Astigarragan eta Urnietan. Usurbilen ez dute kutsatze berririk diagnostikatu. Azken herri hori izan ezik, gainontzeko guztiek eremu gorrian jarraitzen dute.

EAEko hiru lurralde historikoetan 1.583 positibo detektatu dituzte, pandemia lehertu zenetik kopuru handiena egun bakar batean. Kutsatze horietatik guztietatik 481 Gipuzkoan diagnostikatu dituzte. 12.754 PCR eta antigenoen proba burutu dituzte; ehunetik hamabi pasatxok eman dute positibo (%12,4). 

Osakidetzako ospitaleetan 234 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik, bezperan baino hamasei gehiago; horietatik 45 larri daude, ZIU unitateetan (astelehenean 44 ziren). Uztailaren 20an 49 gaixo erietxeratu behar izan dituzte.

LABI batzordearen mahai politikoa bihar bilduko da eta mahai teknikoak egindako proposamenak aztertuko ditu. Koronabirusaren oldarraldia ikusita, Iñigo Urkullu lehendakariak ez du baztertu "neurri murriztaileagoak" onartzea.