'TENPRAREN GUARPENA'

"Erronkaribarren transmititu ez den memoria berreskuratzeko ariketa egin dugu"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko uzt. 16a, 11:00

Ezker-eskuin, lehen planoan, Idoia Lahidalga eta Oihane Puertas, Izabako aurkezpen ekitaldian. Hiru saio egin zituzten. Argazkia: Jone Lahidalga.

Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradua ikasi dute Oihane Puertasek (Lasarte-Oria, 1999) eta Idoia Lahidalgak (Eibar, 1999), Mondragon Unibertsitatean. Aurtengoa izan da azken kurtsoa, eta horrelakoetan ohikoa izaten den moduan, amaierako proiektu bat burutu behar izan dute bi ikasleek. Nafarroako Erronkaribar eskualdera joan dira, bertako emakumeei ahotsa eman diete, eta "transmititu ez zen memoria berreskuratzeko ariketa" egin dute. Ikerketa-txostena ez ezik, Tenpraren Guarpena izeneko dokumentala ere ondu dute; lehen aurkezpen saioak egiten ari dira aste hauetan zehar.

Lau aurkezpen saio egin dituzue orain arte, Erronkaribarren. Zer moduz? 

Idoia Lahidalga: Oso gustura gaude. Zenbait herritan bizpahiru saio egin behar izan ditugu, espero baino jende gehiago etorri baita.

Oihane Puertas: Harrera oso ona egin diote ikus-entzuleek; eskertu digute horrelako dokumental bat egitea, islatuta ikusi dute haien historia, eta ilusioa egin die kanpotik etorritako bi pertsonak interesa jarri izana. Jasotzen ari garen erantzuna izugarria izaten ari da; oso eskertuta gaude.

"Dokumentalari harrera oso ona egin diote ikus-entzuleek"

Zer esan dizuete ikus-entzuleek? 

O.P.: Lehenengo emanaldia Izaban egin genuen. Emakume bat etorri zen guregana, begiak malkotan, eta esan zigun gauza asko gogorarazi zizkiola dokumentalak. Sentsazio ikaragarria izan zen.

I.L.: Burgin egin genuen saioa eta gero, hau esan zigun ikus-entzule batek: "Bazen ordua bailarako emakumeei merezi duten garrantzia emateko". Gure helburua nagusiak bete genituela sentitu genuen: Erronkaribar eskualdeko historiaren zati bat kontatzea, eta bertako emakumeei ahotsa ematea. 

Zuen proiektuaren helburuak aipatu dituzue. Horietan sakondu aurretik, nondik dator egitasmoa? 

I.L.: Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi dugu; gradu amaierako lana izan da hau. Erronkaribar eskualdeko Izaba herrikoekin harremana dut; urtero, emanaldien bidez, haien historiaren zatiren bat erakusten dute, eta aukera polita iruditu zitzaidan lan hau egitea, horretan sakontzeko.

O.P.: Argi genuen han egin nahi genuela ikus-entzunezkoa. Bertako historiako pasarte ugari kontatu zizkidan Idoiak: kontrabandoan aritzen ziren gizonak edo Bardeetara joaten zirenak transhumantzia egitera; espartinak egitera Zuberoara joaten ziren enarak, 11 eta 18 urte arteko neska gazteak... Emakumeak, aldiz, eskualdean geratzen ziren. Ikusi genuen ez zela transmititu haiek egiten zutena, eta memoria hori berreskuratu nahi izan dugu.

I.L.: Proiektua erakunde edo elkarte batentzat egin behar genuen, eta Izabako Kurruskla kultur elkartearekin jarri ginen harremanetan.

Zer garaitako memoriaz ari gara? 

O.P.: XIX. mendekoaz. Esan bezala, gizonak eta neska gazteak kanpora joaten ziren lanera, eta bailara aurrera ateratzen zutenak emakumeak ziren: kultura, familia, etxea, hizkuntza... Haien memoria berreskuratzeko ariketa egin dugu.

"Bailara aurrera ateratzen zutenak emakumeak ziren: kultura, familia, etxea, hizkuntza... Haien memoria berreskuratzeko ariketa egin dugu"

I.L.: Belaunaldi desberdinetako lau emakumeren testigantzak jaso ditugu dokumentalean, XIX. mendeko historia ez ezik, oraingo errealitatea ere kontatzeko. Emakumeen testigantzek, guk geuk grabatutako irudiek, garai historikoen birsortzeek eta artxiboko irudiek osatu dute 
ikus-entzunezkoa.

Izenburuan keinua egin diozue Erronkaribarko euskalkiari. Zer esan nahi du 'Tenpraren Guarpena'-k?

O.P.: Tenpraren guarpena-ren itzulpena 'denboraren memoria' izango litzateke. Erronkaribarko euskalkia erabiltzen zuten XIX. mendean, emakumeek batez ere. 

I.L.: XX. mende hasierara arte hala hitz egiten zuten, eta gero galtzen joan zen belaunaldiz belaunaldi. Azken hiztuna Fidela Bernat izan zen, eta hari esker berreskuratu da euskalkia; ikerlari ugari joan ziren hura elkarrizketatzera. Esaldietako bat hau zen: "Guarpenari etzau akabatan tenpra", alegia, oroimenari ez zaiola amaitzen denbora. Keinua egin diogu horri.

Lehen aipatu duzue Kurruskla kultur elkartearentzat egin duzuela lana. Zer moduz moldatu zarete haiekin?   

O.P: Plazera izan da Kurrusklarekin lan egitea, beti izan dira gu laguntzeko prest: adibidez, aktoreak eta jantziak topatzeko. Erraztasun ugari eman dizkigute, eta oso gustura aritu gara haiekin.

I.L.: Dokumentalari buruz hitz egin genuenean, hasieratik esan ziguten 15 minutuko pieza bat nahi zutela. Guri ere ondo iruditu zitzaigun, eta lana editatzerako orduan lagundu gaitu iraupena aurretik zehazteak. Hala ere, egia da ikus-entzunezkoa ikusi dutenek esaten digutela motz geratu zaiela; seinale ona da hori.

"15 minutuko dokumentala egin dugu; ikus-entzuleek esan digute motz geratu zaiela, seinale ona da hori"

Erraza izan da horrelako gai sakon bat 15 minutuko ikus-entzunezkora mugatzea?

I.L.: Elkarrizketak grabatu ostean, gehien interesatzen zitzaizkigun zatiak hartzen genituen, eta irudiekin jantzi gero. Gauzak argi izan ditugu eta zorrotz jokatu dugu editatzerakoan. Horrelako lan bat bi astetan editatzea ondo dago.

O.P.: Hori da, hasieratik oso argi izan dugu zeri eman nahi izan diogun garrantzia. Utzi behar izan dugu zatiren bat edo beste kanpoan, baina genituen helburuei eman diegu inportantzia.

Zenbat denbora behar izan duzue ikerketa eta dokumentala egiteko?

Biak batera: Gaia udan zehar pentsatu genuen, eta irailean adierazi genuen hori izango zela gure egitasmoa, unibertsitateak hala eskatzen zigulako.

I.L.: Otsailean ekin genion lanari eta ekainean bukatu genuen, lau hilabete izan dira. Bederatzi grabaketa egun gauzatu genituen, eta bi aste pasa ditugu ikus-entzunezkoa editatzen. 

O.P.: Gaiari buruzko ikerketa-lan mardula egin dugu, informazio xeheena eta sakonena hor jaso dugu, eta horko zenbait aspektu eraman ditugu dokumentalera.

Nolakoak izan dira lau hilabete horiek zuentzat?

O.P.: Intentsoak, baina aberasgarriak. Prozesu osoan zehar ikasi ditugu gauza berriak: talde-lanean aritzea, Erronkaribarri buruzko gauza mordoa...

I.L.: unibertsitateak eskatzen zigun grabaketa egunak astean zehar izatea, eta zenbaitetan arazoak izan ditugu egunak-eta koadratzeko, baina moldatu gara. Gainera, Erronkariko gazte asko Iruñean bizi dira astean zehar, eta asteburuan itzultzen dira eskualdera. Oro har, oso gustura lan egin dugu guztiekin: elkartearekin, herritarrekin, aktoreekin... Asko dakite haien historiari buruz, uste dugu ariketa polita izan dela haientzat ere.

Sare sozialetan sei hitzorduren berri eman duzue: horietatik bost, eskualdeko herrietan; seigarrena Urruñan, Lapurdin. Beste lurralde batzuetara ere joan nahi duzue?   

I.L.: Bai, noski, asko gustatuko litzaiguke. Adibidez, Eibarren egingo dugu emanaldi bat. Gure lana Erronkaribarren ardaztu da, eta hori ikertu ez dugun arren, uste dugu aplikagarria dela Euskal Herriko edozein landa-eremutara. Egia da, hala ere, gehiago kostatzen ari zaigula bailaratik kanpo hitzorduak lotzea.

O.P.: Errazagoa da guretzat eskualde horretan bertan aurkeztea lana, azken finean haien historia da eta asko interesatzen zaie. Batzuetan, kosta egiten zaigu, ez dakigulako zehazki norengana jo. Idoiak esan bezala, prest geundeke Euskal Herri osoan zehar aurkezteko egin duguna, harro gaude gure lanaz, gustura, eta ikusteak merezi du.

"Prest geundeke gure lana Euskal Herri osoan aurkezteko" 

Gradu amaierako proiektu honekin, ikasketak amaitu dituzue. Etorkizunean elkarrekin lanean jarraitzeko asmoa duzue?

I.L.: Behin baino gehiagotan komentatu izan dugu klasean, etorkizunean agian produktora txikiren bat sortzearena edo... Erronkaribarko gaiari tiraka, beste gai batzuk pentsatu ditugu. Dena den, Tenpraren guarpena bukatu berri dugu, aurkezten ari gara orain, eta horrekin nahikoa!

O.P.: Gustatuko litzaiguke elkarrekin proiektu gehiago egitea, bai. Badugu zerbait buruan, egitasmo potoloagoa litzateke, pixkanaka-pixkanaka eman nahi diogu forma, baina denbora gehiago eskatuko liguke, inbertsio gehiago...

Biak batera: Asko gustatzen zaigu elkarrekin lan egitea.

'Tenpraren Guarpena' proiektuari buruz gehiago jakiteko, bisitatu haren Instagram eta Twitter kontuak