Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazioko ikaslea da Oihane Puertas (Lasarte-Oria, 1999). Hirugarren maila gauzatzen ari da, eta Idoia Lahidalga ikaskidearekin batera, parte hartu du aurtengo EUSPOT euskarazko spot lehiaketan. Zer dago janzten dugunaren atzean? leloa abiapuntutzat hartuta osatu behar izan dituzte lanak, eta antolatzaileek emandako datuen arabera, guztira 51 lan aurkeztu dituzte, eta horietatik hamahiru izan dira finalistak.
Horien artean sailkatu zen Puertasen eta Lahidalgaren lana ere, eta sailkatzeaz gain, sari nagusian lehen postua eskuratu du. Ez dira, ordea, lehiaketako garaile bakarrak izan; izan ere, laugarren mailako ikasle Julen Urtxegiren lanak ere lehen postua lortu baitu. Hortaz, lehen saria erdibitua geratu da aurten, eta 1.000 euroak 500eko bi zatitan banatu dizkiete bi lan irabazleen egileei. Spotak baloratzeko "kalitate teknikoa" hartu dute kontuan, horrela zaldu dio txintxarri-ri Puertasek.
Baina sari nagusia irabazteaz gain, beste bat ere lortu dute: Mondragon Unibertsitateko ikasleek aurkeztutako lanik onenarena, eta horrengatik, 500 euro poltsikoratu: "Spoten originaltasuna kontuan hartu dute".
Koronabirusaren eragina
COVID-19ak ere eragin du aurtengo lehiaketan, eta egileen lan egiteko moduan; etxetik prestatu behar izan dituzte lanak, eta etxeko baliabideekin. Bideo-deien bidez komunikatu dira Puertas eta Lahidalga; horien bidez ideiak proposatu, eta horrela erabaki zuten zer eta nola transminitu nahi zuten, eta zein motatako testu eta irudiak erabiliko zituzten. "Pixkanaka-pixkanaka spotari itxura ematea lortu genuen".
"Espero baino buelta gehiago" eman dizkiote lanari, eta azaldu du azken emaitza, aurkeztutako lana, ez dela hasierako ideia izan. "Spota pentsatzen hasi ginenean ez geunden etxean itxita, eta gure ideia kalean eta unibertsitateko platoan grabatzea zen. Gero, etxean grabatu beharko genuela jakitean, beste ideia bat bururatu zitzaigun, baina lehen ideia hark ez gintuen asko konbentzitu; bortitzegia iruditu zitzaigun". Azkenik, lehen ideiaren eta bigarrenaren arteko nahasketa bat eginaz osatu dute Zuk zuretzat sortu.
Sari banaketa streaming bitartez egin behar izan dute, zuzenean, eta etxetik jarraitu zuen Puertasek ere.
Janzten dugunaz hausnartzeko
Euskarazko sormena bultzatuz, modaren inguruan hausnarketa egitea izan da aurtengo lehiaketaren helburu nagusia. "Modaren inguruko kontzientziazio kanpaina baterako spot bat sortu behar izan dugu".
Hori da hain zuzen Puertasen lanean ikus daitekeena; modaren inguruko hausnarketa. Urtean 62 milioi tona arropa sortzen direla eman dute jakitera, eta erosleek arropa erosteko joerak ere azaleratzen dituzte. Horrekin batera, "moda azkarrari" aurka egiteko alternatiba bat ere proposatzen dute; jostea, atontzea, moztea... Zuk zuretzat sortzea.
Puertasek azaldu duenez, ez zuten espero finalisten artean sailkatzea, are gutxiago lortutako bi sariak lortzea, aurkeztutako lan guztiek "maila oso altua" baitzuten. "Ilusio eta poz handiz" hartu zuten berria.