COVID-19

Hemeretzi kasu atzeman dituzte Lasarte-Orian asteazkenean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 15a, 12:46

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak uztailaren 14ko datu epidemiologikoak jaso dituzte, eta txostena argitaratu dute. Horren arabera, Lasarte-Orian hemeretzi positibo baieztatu dituzte asteazkenean, bezperan baino hamahiru gehiago. Urtarrilaren 21etik ez ziren horrenbeste kasu atzematen egun bakarrean. Azken hamalau egunetan 71 kutsatze detektatu dituzte gure herrian, eta eremu horitik laranjara igaro da; intzidentzia-tasa 372,80 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.820 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi pasatxo (%9,5). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdean 46 positibo detektatu dituzte asteazkenean: hemeretzi Lasarte-Orian, 11 Andoainen, hamar Hernanin, bost Urnietan eta bat Astigarragan. Usurbilen ez dute kasu berririk detektatu azken orduetan. Lasarte-Oria eremu horitik laranjara igaro da; gainontzekoetan ez dago aldaketarik azken egunekin alderatuta.

EAEko hiru lurraldeetan 1.217 kutsatze baieztatu dituzte; horietatik 502, Gipuzkoan. 11.449 PCR eta antigenoen proba egin dituzte; positibotasun-tasa %10,6 izan da. Autonomia erkidegoko intzidentzia-tasa eremu gorrian dago honezkero; 415,55 da.

Osakidetzako ospitaleetan 126 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik, horietatik 28 larri, ZIU unitateetan. Asteazkenean 31 gaixo erietxeratu behar izan dituzte.