Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.801 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi pasatxo (%9,5). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntzako herrietan 30 kutsatze detektatu dituzte asteartean: 11 Hernanin, bederatzi Urnietan, sei Lasarte-Orian eta lau Andoainen. Astigarragan eta Usurbilen, berriz, bat bera ere ez. Udalerri horietako hiru eremu horian daude, eta gorrian beste hiruak.
EAEko hiru lurralde historikoetan 989 kutsatze atzeman dituzte uztailaren 13an; horietatik 398, Gipuzkoan. 11.651 PCR eta antigenoen proba egin dira; ehunetik zortzi pasatxok eman dute positibo (%8,5).
Osakidetzako ospitaleetan 125 pertsona daude ingresatuta (bezperan baino hamabost gehiago); horietatik 26k sintoma larriagoak dituzte, eta ZIU unitateetan daude. Asteartean 31 gaixo erietxeratu behar izan dituzte koronabirusagatik.