Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.795 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi pasatxo (%9,4). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Eskualdeko sei herrietan 27 kutsatze detektatu dituzte astelehenean: bederatzi Hernanin, sei Andoainen, lau Astigarragan, hiruna Lasarte-Orian eta Urnietan eta bi Usurbilen. Udalerri horietako hiru eremu horian daude, eta gorrian beste hiruak.
EAEko hiru lurraldeetan 788 kutsatze atzeman dituzte uztailaren 12an; horietatik 251, Gipuzkoan. 9.498 PCR eta antigenoen proba egin dira kasu berriak atzemateko; positibotasun-tasa %8,3 izan da. Autonomia erkidegoko intzidentzia-tasak igotzen jarraitzen du; 346,68 da.
Osakidetzako ospitaleetan 110 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; horietatik 23k sintoma larriagoak dituzte, eta ZIU unitateetan daude. Astelehenean 26 gaixo erietxeratu dituzte.