Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.765 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi pasatxo (%9,3). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntza eskualdean 28 positibo detektatu dituzte uztailaren 7an: hamabost Hernanin, bosna Astigarragan eta Lasarte-Orian, bi Andoainen eta bat Usurbilen. Urnietan, bakar bat ere ez. Udalerri horietako hirutan altua da koronabirusaren transmisioa, eremu gorrian baitaude; beste hirutan, moderatua, eremu horian daudelako.
EAEko hiru lurraldeetan 649 kasu diagnostikatu dituzte asteazkenean; horietatik 260, Gipuzkoan. Autonomia erkidegoko intzidentzia-tasak igotzen jarraitzen du; 224,71 da, bezperan baino hogei puntu altuagoa. 9.260 PCR eta antigenoen proba egin dituzte kutsatze berriak atzemateko; ehunetik zazpik eman dute positibo.
Birusaren intzidentzia igotzen ari den arren, momentuz behintzat ez da ospitaleetako presioan eragiten ari. 75 pertsona daude erietxeratuta koronabirusagatik, horietatik 25 ZIU unitateetan, sintoma larriagoekin. Asteazkenean hemezortzi paziente ingresatu dituzte.