COVID-19

Indarrean dauden osasun neurriei eustea erabaki du LABIk

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 7a, 11:15

Euskal Autonomia Erkidegoko egoera epidemiologikoa aztertzeko, bilera egin du LABI batzordeak gaur goizean, eta erabaki du gaur egun indarrean dauden osasun neurriei eustea, azken egunetan koronabirusaren intzidentziak gora egin badu ere. Hortaz, besteak beste, tabernek eta jatetxeek 02:00ak arte irekita egon ahalko dute, eta elkarte gastronomikoak irekita, %50eko edukierarekin. Kaleko edana eta jende pilaketak sortzen dituzten "festak eta ez-festak" debekatuko dituzte, dekretu bidez. Neurri hori bihar sartuko da indarrean, uztailaren 8an, ostegunarekin.

Hauek dira indarrean jarraituko duten neurriak:

  • Ostalaritza establezimenduen, merkatarien eta ekintza kulturalen ordutegiak. Beranduenez, 02:00etan itxi beharko dituzte ateak.
  • Tabernetako eta jatetxeetako mahaiak. Gehienez ere, sei pertsona bakoitzean. Barruan, %50eko edukiera, eta barran kontsumitzeko debekua.
  • Ikus-entzuleak ekitaldietan. 1.600 pertsona baino gutxiago sartzen diren guneetan, edukiera maximoa 600 pertsonakoa izango da espazio itxietan, eta 800ekoa aire zabalean. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera dutenetan, aldiz, 800 espazio itxietan eta 1.200 aire zabalean. Azkenik, 5.000 pertsona baino gehiago sartzen diren guneetan, edukiera, gehienez ere, %30 izango da.
  • Elkarte gastronomikoak. %50eko edukiera, 09:00etatik 02:00etara irekitzeko baimena, eta mahaiko sei pertsona gehienez.
  • Kirol jarduerak. Espazio itxietan, hamar pertsona gehienez. Aire zabalean ez dago edukiera mugarik. Aldageletako aforoak %50ekoa izan ahalko du asko jota.