Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.760 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi pasatxo (%9,2). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan 39 kasu atzeman dituzte astelehenean: hogei Hernanin; hamabi Urnietan; bina Astigarragan, Lasarte-Orian eta Usurbilen; eta bat Andoainen. Grafikoan ikusi daitekeenez, herri horietako hiru eremu gorrian daude, eta horian beste hiruak.
EAEko lurraldeetan 609 positibo diagnostikatu dituzte uztailaren 6an; horietatik 257, Gipuzkoan. 8.984 PCR eta antigenoen proba egin dira kutsatze berriak atzemateko; positibotasun-tasa %6,8 izan da. Autonomia erkidegoko tasa bezperakoa baino ia hogei puntu altuagoa da: 203,15. Koronabirusaren transmisioa eta intzidentzia gora ari badira ere, LABI batzordeak, momentuz behintzat, indarrean dauden osasun neurriak mantentzea erabaki du.
Osakidetzako ospitaleetan 76 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik. Horietatik 25ek sintoma larriagoak dituzte, eta ZIU unitateetan daude. Asteartean hemeretzi paziente erietxeratu behar izan dituzte.