Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.758 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi pasatxo (%9,2). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
39 positibo eskualdean
Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalerrietan 39 positibo detektatu dituzte astelehenean: 26 Hernanin, lau Lasarte-Orian, hiruna Andoainen eta Astigarragan, bi Urnietan eta bat Usurbilen. Grafikoan ikus daitekeenez, herri horietako hiru eremu gorrian daude, eta horian beste hiruak.
EAEko hiru lurraldeetan 486 kutsatze diagnostikatu dituzte uztailaren 5ean; horietatik 220, Gipuzkoan. 10.042 PCR eta antigenoen proba egin ditu Osakidetzak positibo berriak atzemate aldera; positibotasun-tasa %4,8 izan da. Autonomia erkidegoko tasak igotzen jarraitzen du; 183,98 da gaur-gaurkoz.
Osakidetzako ospitaleetan 88 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; horietatik 30ek sintoma larriagoak dituzte, eta ZIU unitateetan daude. Astelehenean hogei paziente erietxeratu behar izan dituzte.