TTAKUN KE

Udaleku itxietako lehenengo txanda, Azpeitiara

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 2a, 11:16

Ttakun Kultur Elkarteak udaleku itxiak antolatu ditu aurten. Lehen txandakoak, LH 5. eta 6. mailakoak, gaur joan dira Azpeitiara, poz-pozik. Gurasoak agurtu, eta abentura bizitzera abiatu dira.

Iazko osasun egoerak hala behartuta, bertan behera utzi behar izan zituen Ttakun Kultur Elkarteak udaleku itxiak. Aurten, ordea, aisialdi eskaintza horrekin aurrera egiteko erabakia hartu du. Lasarte-Oriako familia ezberdinekin egindako lanketaren ostean, eta prozesu horretan jasotako erantzun ona ikusita, eskariaren araberako udaleku itxiak antolatzeko ahalegina egin du kultur elkarteak. 

Gauzak horrela, Lasarte-Oriako gazteek udalekuez gozatzeko aukera izango dute, Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutuz. LH3-4 mailakoak Astigarragan bizituko dituzte esperientzia ezberdinak. Aurreratu dutenez, zirkua izango da udalekuetako gaia, eta uztailaren 12tik 30era bitarte egongo dira bertan, hiru taldetan banatuta. LH5-6 mailakoa, berriz, Azpeitiko Loiola etxera joango dira, uztailaren 2tik 8ra bitarte. 

Ziur denek ala denek esperientzia zoragarriak bizi eta elkarbanatzeko aukera izango dutela. Urtero bezala, kalitatezko aisialdian parte hartzeko aukera izango dute, euskaraz.