Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.749 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi pasatxo (%9,2). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
44 kasu Hernanin
Koronabirusaren Delta izeneko zepak gogor jo du Hernanin; herenegun 52 kasu atzeman zituzten, eta atzo, 44. Eskualdeko gainontzeko herrietan ere igotzen ari dira intzidentzia-tasa metatuak, kasu gehiago atzeman dituztelako, Usurbilen izan ezik (bat bera ere ez): bost Urnietan, launa Astigarragan eta Lasarte-Orian eta hiru Andoainen.
EAEko hiru lurralde historikoetan 388 kutsatze detektatu zituzten ekainaren 30ean; horietatik 165, Gipuzkoan. 7.516 PCR eta antigenoen proba egin dira kutsatze berriak atzemateko; positibotasun-tasa %5,2 izan da. Autonomia erkidegoko intzidentzia-tasa metatua bederatzi puntu igo da; 121,70 da.
Osakidetzako ospitaleetan 94 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; horietatik 32k sintoma larriagoak dituzte, eta ZIU unitateetan daude. Asteazkenean hogei paziente erietxeratu behar izan dituzte.