Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.745 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi pasatxo (%9,1). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Agerraldia Hernanin
Beterri-Buruntza eskualdean 62 kutsatze detektatu dituzte ekainaren 29an, horietatik gehienak Hernanin: guztira, 52. Koronabirusak agerraldi indartsua egin du udalerri horretan. Horren ondorioz, eremu horitik gorrira igaro da herria egun batetik bestera. Andoainek eremu berdean jarraitzen du, eta eskualdeko beste lau udalerriak, horian.
EAEko hiru lurralde historikoetan 303 positibo baieztatu dituzte asteartean; horietatik 132, Gipuzkoan. 7.262 PCR eta antigenoen proba egin dituzte kutsatze berriak atzemate aldera; positibotasun-tasa %4,2 izan da. Autonomia erkidegoko intzidentzia-tasa metatua zazpi puntu igo da egun batetik bestera; 112,70 da.