Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.742 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi pasatxo (%9,1). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Hemezortzi kasu eskualdean
Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan hemezortzi kasu detektatu dituzte astelehenean: hamalau Hernanin eta bana Astigarragan, Lasarte-Orian, Urnietan eta Usurbilen. Andoain eta Urnieta eremu berdean daude, eta beste lau herriak, horian.
EAEko hiru lurralde historikoetan 174 kutsatze diagnostikatu dituzte ekainaren 28an; horietatik 63, Gipuzkoan. 6.676 PCR eta antigenoen proba egin dituzte; positibotasun-tasa %2,6 izan da.
Osakidetzako ospitaleetan 96 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; horietatik 32k sintoma larriagoak dituzte, eta ZIU unitateetan daude. Astelehenean 25 paziente berri erietxeratu dituzte.