Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.722 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi (%9). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Bi positibo Beterri-Buruntzan
Hernanin eta Lasarte-Orian kutsatze bana atzeman dute ekainaren 21ean; bi horiek izan dira eskualde osoko kasu bakarrak. Eremu berdean daude Andoain, Hernani eta Usurbil (gaur sartu da); Astigarraga, Lasarte-Oria eta Urnieta, aldiz, horian, 60 baino intzidentzia-tasa metatu handiagoak dituztelako.
EAEko hiru lurralde historikoetan 146 kasu diagnostikatu dituzte astelehenean; horietatik 31, Gipuzkoan. 7.492 PCR eta antigenoen proba egin dira kutsatze berriak atzemate aldera; positibotasun-tasa %1,9 izan da. Autonomia erkidegoko intzidentzia-tasa metatua ia hiru puntu jaitsi da azken 24 orduetan; 111,79 da.
Osakidetzako ospitaleetako presioak jaisten jarraitzen du. Plantan 66 pertsona daude erietxieratuta, eta ZIU unitateetan, sintomak larriagotuta, 45. Astelehenean 23 paziente ospitaleratu behar izan dituzte koronabirusagatik.