Murrizketarik ez egiteko eskatu diote udal eraikinetako langileek Udalari

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 18a, 14:05

ESK eta ELA sindikatuek deituta, udal eraikinak garbitzen dituzten langileak kalera atera dira berriro, lanaldi duina aldarrikatzeko eta Udalari eskatzeko murrizketarik ez egitea. Salatu dute garbiketa zerbitzua arautzen duten pleguetan 16,5 ordu gutxiago jaso direla ikastetxeak garbitzeko.

Garbitzaileek deitoratu dute pleguetan jasotako zerbitzuak eta enpresa arduraduna eskaintzen ari denak ez dutela zerikusirik. Jakinarazi dute Udalari abisatu zaiola horrek nabarmen eragiten diola zerbitzuari eta baita langileei ere, baina haiek "entzungor" egiten dutela, eta auzia konpontzeko "borondate politikorik ez dutela". 

Murrizketek, "justifikaziorik ez"

"Pandemia egoera betean gaude, eta hezkuntza zentroak garbitzera ordu gutxiago bideratzeak ez du justifikaziorik", nabarmendu dute elkarretaratzera bertaratu diren langileek. "Beharginon lanaldia duina izatea nahi dugu, eta ikasleei zein herritarrei eskaintzen diogun zerbitzua ere halakoa izatea nahi dugu". 

Udal eraikinetako garbitzaileek eta sindikatuetako ordezkariek ez ezik, Lasarte-Oriako EH Bilduk ere bat egin du ekitaldiarekin.