Udaletxe aurrean mobilizatu dira udal eraikinak garbitzen dituzten langileak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 24a, 15:41

ELA eta ESK sindikatuek deituta, protesta egin dute udal eraikinak garbitzen dituzten langileek "murrizketarik ez, zerbitzu duina" lelopean. EH Bildu eta ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiek ere bat egin dute protestarekin eta mobilizazioan izan dira

Asteazken goizean protesta egin dute Lasarte-Oriako udal eraikinak garbitzen dituzten langileek, ELA eta ESK sindikatuek babestuta. 11:30ean elkartu dira Okendo plazan, eta aldarrikapen ugari egin dituzte. Lasarte-Oriako Udalak udal eraikinen garbiketa azpikontratatua dauka, eta otsailaz geroztik, enpresa berri batek kudeatzen du zerbitzua. Udal eraikinen garbiketa zerbitzua bi urtean behin ateratzen da enkantera, eta zerbitzu horren baldintzak pleguetan zehazten dituzte. 

ELA eta ESK sindikatuek salatu dutenez, ordea, gaur egun garbiketa zerbitzua kudeatzen duen enpresa ematen ari den zerbitzua ez dator bat pleguetan jasotzen denarekin. Jakinarazi dutenez ematen ari den zerbitzuak "alde nabarmena" du baldintzetan zehaztutakoarekin: "Zerbitzu horren atzean garbitzaileen jardunaldiak daude. 23 emakumez osatutako dagoen kolektibo bat da, udaletxeentzako lanean urte mordoxka egon ondoren, orain, udalaren utzikeriagatik kaltetua izango da". 

Garbitzaileak jasaten ari diren egoerari irtenbide bat topatu nahian aritu dira garbitzaileak eta sindikatuak Lasarte-Oriako Udalarekin.  ELAk eta ESKek jakinarazi dute aukera egon dela pleguak errealitatera egokituz zerbitzua eta langileen lan-jarduna 16,5 ordutan hobetzeko, baina proposamen horri udalak emandako erantzunarekin "zur eta lur" geratu dira sindikatuak, zerbitzu horretan lanean ari diren langileak ez direla udal langileak eta hitz egitekorik ez dagoela erantzun baitie. 

Horren aurrean, zerbitzuaren kudeaketa "negargarriaren" kaltetuak langileak izango direla ekarri dute gogora: "Esentzialak deituko dituztenak, garbitzaileak eta udal eraikinen garbiketa". 

Lasarte-Oriako PSE-EE alderdiari zuzendu dizkiote aldarri guztiak. Negoziatzera jaisteko eskatu diote eta gogorarazi, beharrezko zerbitzua dela eskaintzen dutena, garbiketarena. 

EH Bildu eta ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdietako ordezkariek bat egin dute mobilizazioarekin, eta Okendo plazako protestan egon dira.