Datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.689 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik ia bederatzi (%8,9). Gehien-gehienak sendatu badira ere, tamalez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Amaitu berri den hilabetean, maiatzean, eguneko 3,8 positibo erregistratu dituzte Lasarte-Orian. Apirileko datuekin alderatuz gero (8,3 kutsatze eguneko), koronabirusaren transmisioa dezente jaitsi da, oraindik oso kontuan izatekoa den arren.
Eskualdea, eremu horian
Beterri-Buruntza eskualdean zortzi kasu zenbatu dira ekainaren 1ean: hiru Lasarte-Orian, bina Andoainen eta Urnietan, eta bakarra Astigarragan. Hernanin eta Usurbilen ez dute positiborik detektatu egun horretan. Aipatutako sei udalerri horiek eremu horian jarraitzen dute.
338 kasu EAEn
Asteartean 338 positibo detektatu dituzte Araban (45), Bizkaian (175) eta Gipuzkoan (110). Kutsatze berriak atzemateko asmoz, 8.396 PCR eta antigenoen proba egin dira; positibotasun-tasa %4 izan da. EAEko intzidentzia-tasa metatua 210,03 da gaur-gaurkoz.
Koronabirusa dela kausa, 164 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaleetan. Horietatik 89k sintoma larriagoak dituztenez, ZIU unitateetan artatzen dituzte. Asteartean 45 paziente erietxeratu behar izan dituzte.