COVID-19

Lasarte-Orian bi kasu atzeman dituzte astelehenean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 1a, 12:49

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak maiatzaren 31ko datu epidemiologikoen gaineko txostena argitaratu dute. Horren arabera, egun horretan bi kutsatze erregistratu dira gure herrian, eta hilabete osoan, 117. Intzidentzia-tasa metatua zertxobait igo da bezperatik hona: 220,53 da.

Datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik koronabirusak kutsatutako 1.686 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik ia bederatzi (%8,8). Gehien-gehinak sendatu badira ere, tamalez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275. 

Zortzi positibo eskualdean

Beterri-Buruntzako sei herrietan zortzi positibo detektatu dituzte maiatzeko azken egunean: lau Hernanin, bi Lasarte-Orian, eta Astigarragan zein Usurbilen, bana. Andoainen eta Urnietan ez dute kutsatze bakar bat ere atzeman astelehenean. Sei udalerri horiek eremu horian jarraitzen dute. 

EAEko hiru lurralde historikoetan 344 kasu diagnostikatu dituzte; horietatik 136, Gipuzkoan. 8.680 PCR eta antigeno-proba egin dituzte; positibotasun-tasa %4 izan da. Osakidetzako ospitaleetan 162 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik, horietatik 94 sintoma larriagoekin, ZIU unitateetan. Astelehenean 39 paziente erietxeratu dituzte.

Erlazionatuak

Bideo-pilulak: dosi bakarreko txertoak

Txintxarri Aldizkaria 2021 eka 01 Gizartea