Labi aholku-batzordearen mahai politikoak bilera egin du gaur arratsaldean. Amaitu eta gero, Iñigo Urkullu lehendakariak batzorde horrek adostu dituen aldaketa nagusien berri eman du, gaur egungo osasun-egoeraren errepasoa egitearekin batera. Aditu-taldeak eta politikariek adostu duten dekretua bihar argitaratuko dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, eta asteazkenean sartuko da indarrean, ekainaren 2an. Bost aldaketa jasoko ditu:
- Establezimenduak ixteko eta jarduerak eteteko ordua luzatuko dute, 00:00ak arte. Kultur jarduerei, merkatariei eta ostalaritza-establezimenduei eragingo die neurri horrek. Aforoak eta edukierak ez dira aldatuko.
- Garraio publikoa ere, gauerdira arte. Posible izango da garraiobide publikoen irteera-orduak luzatzea, 00:00ak arte.
- Aire zabalean kirola egiteko, talde-mugarik ez. Orain arte sei pertsonakoak ziren. Muga horrek indarrean jarraituko du espazio itxietan burutzen diren jardueretan.
- Aisialdiko taldeak, hamar pertsonakoak gehienez, baldin eta "egonkorrak" badira.
- Aire zabaleko erakusketa-guneak eta gida turistikoetako taldeak. Gehien jota hamar pertsonakoak izango dira.
"Itxaropena eta zuhurtzia"
Labik adostu dituen aldaketen berri emateaz gain, koronabirusaren bilakaera aztertu du Urkulluk, duela hilabeteko datuak gaur egungoekin alderatuta. Intzidentziaren jaitsiera "eten" egin dela adierazi duen arren, onartu du bilakaera "positiboa" izan dela; intzidentzia-tasa metatuaren, astez asteko hildakoen kopuruaren eta ospitaleetako presioaren jaitsiera izan ditu hizpide.
Horri lotuta, txertaketa aurrera doala nabarmendu du; EAEko biztanleen erdiak dosi bat jaso dute gutxienez, eta 506.000 pertsonak, jarraibide osoa.
Koronabirusaren intzidentziaren jaitsiera etetearekin, datozen asteetarako "ziurgabetasun ikuspegia" zabaldu dela adierazi du lehendakariak, eta egoerari aurre egiteko "itxaropena eta zuhurtzia" uztartu behar direla.
Neurri gehiago, bilakaeraren arabera
Gaur arratsaldean iragarritakoez gain, aholku-batzordeak beste bederatzi neurri onartu dituzte, baina, oraingoz, ez dira indarrean sartuko, pandemiaren bilakaera ez delako horren apala oraindik EAEn (150 baino baxuagoa izan beharko du; gaur-gaurkoz 208,48 da). Hauek dira:
- Ostalaritzaren eta establezimenduen ixteko ordua luzatzea, 01:00ak arte.
- Aforoak handitzea merkatuetan, ferietan, gurtze guneetan eta kanpoko kultura ekitaldietan.
- Ekitaldietako edukierak handitzea: barruan, gehienez 600 pertsona, eta kanpoan, asko jota, 800.
- Taberna eta jatetxeetan mahai bakoitzeko pertsonen kopurua seira handitzea.
- Elkarte gastronomikoak irekitzea.
- Barneko kirol jarduerak ahalbidetzea, gehienez hamar pertsonako taldeetan.
- Kirol jardueretan publikoa %60ko aforoarekin baimentzea: kanpoan, gehienez, 1.200 pertsona, eta barruan, 800.
- Bisita gidatuen taldeak handitzea.
- Hotel, igerileku, kanpaleku eta terrazen aforoak %60ra handitzea.