Herriko ostalariei udal-tasak ez kobratzeko eskatu du Lasarte-Oriako PPk

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 1a, 12:23

Lasarte-Oriako PPko bozeramaile Alex Saenzek nabarmendu du ostalaritzari "asko" zor diola herriak, eta haren orainerako zein etorkizunerako "giltzarria" dela. Aurtengo San Pedro Jaiak bertan behera geratu direla-eta, uztailean "anbizio handiko bonuen kanpaina" egitea galdegin du, tabernariek egun horietan pairatuko dituzten galerak konpentsatzeko.

Udal-tasak bertan behera uzteaz gain, Saenzek udal gobernuari eskatu dio dirulaguntzen lerroa handitzeko, eta ekipamenduan inbertsioak egin izanaren baldintza bertan behera uzteko. "Eskuzabaltasuna eskatzen du ostalaritzak, eta baldintzarik gabeko laguntza eman behar zaio". 

Enpleguaren galera

Gipuzkoa mailako zenbait datu eman ditu Saenzek. "2021. urtea hasi zenetik, ostalaritzaren sektoreko lanpostuen %10 eta %12 artean galdu dira, 2020ko urte-tarte berarekin alderatuta". Lurralde historiko horretan 8.673 behargin daude ABEE espedientearekin. 

Tabernarien errealitatea "zaila" dela azpimarratu du Lasarte-Oriako PPko bozeramaileak, herriko aktibitate ekonomikoaren %61 delako zerbitzuen sektoreari dagokiona. "Familia horietako askoren diru-sarrerak ostalaritzatik datoz esklusiboki".