Lurrazaleko edukiontzien alde egin du Lasarte-Oriako PPk

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 17a, 10:00

Alderdiko bozeramaile Álex Sáenzek lurrazpikoak kendetzearen alde egin du, gobernu taldea lurrazpiko edukiontzien mantenu egokia egiteko "ezgai" delako. 

Udalak hilaren 25ean, igandea, egingo duen lurrazpiko zabor edukiontziei buruzko herri galdeketa. Horiek mantendu edo kendu erabakitzeko aukera izango dute lasarte-oriatarrek. Horren harira, hedabideetara helarazitako prentsa ohar batean Álex Sáenz bozeramaile popularrak horiek kentzearen alde egin du. 

Azaldu duenez, arazoaren oinarria udal taldeak lurrazpiko edukiontzien mantenu egokia egiteko "ezgai" dela da. "Ez daki haien inguruan ugaritzen ari diren arratoiekin nola bukatu. Eta hori gutxi balitz ez daki nola eten gure herria kutsatzen duten olio iragazketak eta isuriak, ezta bizilagunei zerbitzua zailtzen dien eta kaleak itsusten dituzten matxurak ere. Horrek guztiak "asko garestitzen du" zerbitzua, mantenu kostuak igo eta husteko denbora luzatzen baitu. 

Galdeketaren emaitza dena dela, egokitutako edukiontzien probaldia ahal bezainbeste laburtu eta bilketa puntu guztietan jartzeko eskatu dio gobernu taldeari, pertsona guztiek izan dezaten haiek "modu eroso eta seguruan" erabiltzeko aukera. "Udal kudeatzaileek irisgarritasun unibertsalaren printzipioari lehentasuna eman behar diote". 

Horrez gain, Sáenzen aburuz, herriaren erronketako bat da egun %45ekoa den birziklatze tasa haztea, horregatik, gobernu taldeari eskatu dio "neurri eraginkorrak" har ditzala "lehenbailehen".