Gipuzkoako PPren ordezkariek, bozeramaileak eta aholkulariak, Juan Carlos Cano Aristoy eta Alejandro Saenz hurrenez hurren –azken hau zinegotzi izan zen Lasarte-Oriako udaletxean, 2015-2019 legealdian–, Atsobakarren izan dira, etorkizunean kirol-gunea izango den lur-eremua ikusten. Azpimarratu dutenez, "beharrezkoa" da egitasmo horri "bultzada irmo eta definitiboa" ematea; Gipuzkoako Foru Aldundiak horretan lagundu behar duela uste dute.
"Lasarte-Oriako eta Usurbilgo Udalak ados jarri ez direnez, kirol-gune hori hankamotz jaioko da, harmailik gabe", azaldu du Aristoyk. "Lur-eremu horretan harmailak eraikitzeko, Usurbilek eskatu zuen udalerri hori eta kirol-gunea lotzeko bidegorri bat eraikitzea, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du hori onartu". Markel Olano ahaldun nagusiari aferan esku hartzeko eskatu dio Gipuzkoako PPk, proiektua "funtsezkoa" delako eskualde eta Gipuzkoa mailan. "Aurrekontuetan diru partida bat sartzeko eskatuko diogu diputazioari, bi udalerriak lotuko dituen bidegorri bat eraikitzeko; onartuko ez balu, emendakin bidez aurkeztuko genuke".