Fernandez Iradiren egoeraren berri eman dute Azken Ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 28a, 21:43

Fiskal nagusiak hala erabakita, lasarteoriatarra Parisko La Santé espetxera lekualdatu dute aste honetan eta bertan izango da, gutxienez, hamar egunez. Kartzela berrian egoteak eta bidaiak bere osasunean eragin dezaketen kalteak kezkatzen ditu ingurukoak.

Hilabeteroko azken ostiralero bezala, Sarek eta Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordeak deituta, hainbat herritar kalera irten dira presoen eskubideen alde. Ohi bezala, San Pedro elizatik irten eta Okendora joan dira; eta plazan, hitza hartu dute. Sare eta Etxeraten idatzi bateratua irakurri aurretik, ordea, Fernandez Iradiren egoera partekatu du Joxe Mari Agirretxek.

Astearte goizean Parisera eraman zuten euro agindu bat medio, hutsune juridiko bat bete eta Espainian kondenatua izan dela jakinarazteko. Agirretxek adierazi duenez, egun batzuk lehenago jakin zuten Ibonen ahotik La Santéra lekualdatzeko aukera zegoela. Orain arte, halako tramiteak gertuko epaitegi batean egiten zituzten, Lannemezango kasuan, Pauen. Egun bakarreko joan-etorria da, 80 kilometrora baitago; Paris, berriz, 800 kilometrora. Fiskala "tematu" egin da "giza eskubideen eta osasunaren gainetik, bere boterea inposatu nahi izan du", salatu zuen Agirretxek. Gutxienez hamar egun egingo ditu lasarteoriatarrak La Santén, “konfinamendu berri bat, bere osasuna dela-eta ziegatik atera gabe”. Hain zuzen ere, presoak duen esklerosi anizkoitzari nola eragingo dion kezkatzen ditu gertukoak.

“Injustizia” honen aurrean, bai kanpotik bai barrutik "ahalegin guztiak" egin dituzte Parisera bidaia ekiditeko. Lannemezango euskal presoek enkartelada bat egin dute gertatutakoa salatzeko eta Fernandez Iradirentzat baldintza duinak eskatzeko. Espetxeko zuzendaritzarekin bildu, eta lortu dute bere egoera kontuan hartzea bai bidaian bai La Santéko egonaldian. Agirretxek eskerrak eman dizkie haiei eta ahalegina egin duten abokatuari, euskal delegazioari edota Bakearen Artisauei. 

Aitortza eta erreparazioa

Ohi bezala, Etxeratek eta Sarek adostutako idatzia irakurri du Ixiar Arteagak. Bertan, Fernandez Iradiren egoera salatu eta bera bezala larriki gaixo diren gainerako hemezortzi euskal presoen etxeratzea eskatu dute. Baita "aitorpen ofiziala eta instituzionala eta erreparazioa" ere azken sei hamarkadetan hildako 35 euskal preso politikoentzat, haien 15 senide edo lagunentzat eta espetxea saihesteko bere buruz beste egin zuten birentzat. "Ekimen sinbolikoetatik" harago, heriotza horiek memoriaren mapan bere lekua izan behar dutela aldarrikatu dute, Etxeratek eta Egiari Zorrek proposatu bezala. 

Bestalde, Espainiako zenbait espetxetan txertaketa egiten ari badira ere, presoen komunikazio intimoak, familiarrak nahiz bizikidetzakoak ez dira berriro ezarri. "Pandemiaren kudeaketan presoen eskubideak urratzea eta haien segurtasuna eta osasuna murriztea gailendu dira". 

Euskal presoak Euskal Herritik hurbilago dauden espetxeetara lekualdatzeko dinamikak aurrera jarraitzen du eta presoen %28 0 kilometrora dago. Hala ere, salbuespenezko espetxe politika aldatzea lortzeko, mobilizatzen segitzea eta gizartearen inplikazioa "beharrezkotzat" jo dute, beste behin. Hala, urriaren 23a arte luzatuko den Ibilian ibilian, etxerako bidean  dinamika abian jarri du Sarek. Horren barruan, Lasarte-Orian zenbait ekimen egingo dituzte ekainean.