Fernandez Iradiri buruz jardungo dira 'Azken Ostiralean', maiatzaren 28an

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 26a, 12:12

Lasarte-Oriako Sarek jakinarazi duenez, Azken Ostirala aldarrikapen ekintza burutuko dute ostiral honetan, maiatzaren 28an. Elizatze enparantzatik abiatuko dira, erdigunea zeharkatuko dute, eta Okendo plazan amaituko dute ekitaldia. "Gai nagusia" Ibon Fernandez Iradiren egoera eta lekualdatzea izango da.

Euroagindu baten jakinarazpena dela-eta, Ibon Fernandez Iradi lasarteoriatarra Parisko La Sante kartzelara urrundu zuten atzo, Lannemezango espetxetik ia 800 kilometrora. Sarek azaldu du herritarrak hamar egun igaro beharko dituela han. Orain arte, gisa horretako tramiteak Paueko auzitegian egiten zituzten, baina Parisko fiskal nagusiak erabaki du hemendik aurrera beharrezkoa dela Frantziako hiribururaino joatea. "Ibon larriki gaixo dago, esklerosi anizkoitza dauka, eta erabaki horrek kalteak besterik ez dizkio eragingo; familia, lagunak eta gu geu oso kezkatuta gaude, azpimarratu du Sarek.

"Beste behin ere, argi geratu da presoen osasuna eta eskubideak ez dituztela kontuan izaten; oso haserre gaude", nabarmendu du eragile horrek. Horren harira, jakinarazi du Azken Ostirala izango dela ostiral honetan, maiatzaren 28an, eta "gai nagusia" Fernandez Iradiren egoeraren azken berriak ematea izango dela. Elizatze enparantzan jarri dute hitzordua, 20:00etan; erdiguneko kaleak zeharkatuko dituzte, eta Okendo plazara joango dira gero. Lasarteoriatarrak deitu dituzte ekitaldian parte hartzera.

Erlazionatuak