'HERRIGINTZEN' ZIKLOA

Utopiaranzko bidaia baten kronika

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 27a, 12:21

Udaletik, eskolatik, herrigintzatik...herri hezitzaileak sortzen mahai ingurua izan da Lasarte-Oriako EH Bildu gauzatzen ari den Herrigintzen zikloko hirugarrena. Hezkuntzaren gaineko ikuspegiak ekarri dituzte Udal Euskaltegira Nora Salbotx Alegriak, Itziar Ostolaza Galdosek eta Maite Azpiazu Errazkinek. Jaione Urruzola Aritzeta herritarrak dinamizatu du solasaldia.

"Nolako herria nahi eta behar dugun hausnartu nahi dugu". Esaldi hori behin eta berriro errepikatu du Lasarte-Oriako EH Bilduk, are gehiago aste hauetan, Herrigintzen zikloa martxan jarri duenean, gauzak egiteko moduak birpentsatzeko bideari ekin dionean. Sozioekonomia, jarduera fisikoa, hezkuntza eta kudeaketa-eredua dira bidaia honetako geltokiak. Helmuga non dagoen, auskalo; utopietan, agian. Horiek egia bilakatuko diren ala ez, nork daki, baina Mercero gunera zein osasun zentroko 2. solairura gerturatu diren "adituak eta arituak" gako ugari partekatzen ari dira egun hauetan. Atzokoan, hezkuntzaren gainekoak.

Imajinatu eskola garaietara itzuli zarela. Gogoratzen zara zeinen mantso pasatzen ziren segundo, minutu eta orduak, eskolak "aspergarriak" zirenean? Eta, alderantziz, gustura zeundenean, dibertitzen, ordularien orratzak azkarregi ematen zituztela bueltak? Udaletik, eskolatik, herrigintzatik...herri hezitzaileak sortzen mahai inguruan parte hartu zuten ikus-entzuleak harrituta geratu ziren atzo, 18:00etatik 20:00etara dauden bi orduek segundoak ziruditelako. Amaiur Herri Eskolako zuzendari Nora Salbotx Alegriak, Errenteriako Udaleko Hezkuntza zinegotzi Itziar Ostolaza Galdosek eta Oinherri herri hezitzaileen elkarteko koordinatzaile Maite Azpiazu Errazkinek euren esperientziak partekatu zituzten. Horren ostean, Jaione Urruzola Aritzeta dinamizatzailearen zein ikus-entzuleen galderak erantzun zituzten.

Ez-en barruan dauden bai-ak

XX. mende hasieratik XXI.era, Tarragonatik (Katalunia) Amaiurrera. Horra hor Salbotxek ikus-entzuleei proposatu dien bidaia. COVID-19ak eragindako pandemia pairatzen ari gara gaur-gaurkoz, baina gizateriak gehiagotan egin die aurre horrelako izurriteei. "Gripe espainiarraren pandemian, gauza asko birpentsatu zituzten: osasuna, arkitektura, hezkuntza... Gai izango ote gara gu ere ariketa bera egiteko, izurrite honen ostean?". Salbotxen esanetan, neoliberalismoak, beste alor ugari bezala, hezkuntza ere nahi du beretzat. "Ez ditu maite gure txikitasun guztiak".

Amaiurreko Herri Eskolan ari dira gaur egungo hezkuntza-sistema "arrakalatzen", eredua birpentsatzen. Koronabirusaren eraginez, jabetu ziren ez-ak besterik ez zirela kudeatzen ari, eta horien barruan zeuden bai-ak jorratzen hasi ziren, unean uneko osasun-egoerara moldatuta, baina balio hezitzaileei eutsita: urmael bat sortu dute eta haien "laugarren ikasgela" bilakatu, aire zabaleko espazioetan ikasle, irakasle eta langileei abestu eta zorionak eman, haurrek beraiek kudeatzen duten biltegiaren egitasmoa sortu... "Gure eskolan egiten ari garena, beste hainbat tokitan bezala, praktika onen adibidea izan daiteke".

Hezkuntzako politika publiko "bateratuak"

Tarteki horretako lau hitz horiek dira Errenteriako Udalaren premisak, hezkuntzari dagokionez. Batzorde horretako burua da Itziar Ostolaza Galdos, eta Oarsoaldeko herri horretan azken urteetan egiten ari diren bidea erakutsi du. "Askotan uste dugu, eta egia da, udaloi eskumenak falta zaizkigula hezkuntzan, baina horrek ez du esan nahi geldirik geratu behar dugunik; bidea urratu behar dugu utopiara bidean". Lanean hasi eta berehala, Udal Eskola Kontseilua eratu zuten, agente desberdinei ahotsa emateko: zentroak, guraso-elkarteak, alderdi politikoak... Hori izan zen aurreneko urratsa; ordutik, beste hainbat egin dituzte.

Legealdi jakin bateko Udal Gobernuak bide bati ekiten badio, zer gerta daiteke lau urte barru, hauteskundeak egin eta agintea beste alderdi batek hartzen badu? Errenterian, urratzen hasitako bide horrek aurrera egingo luke, besteak beste, eragile eta alderdi guztiei bidelagun izatea eskaini zitzaielako hasieratik. Norabide horretan lanean hasi eta denbora batera, Errenteriako hezkuntza-zentroetako zuzendariek foro iraunkorra eratu zuten. Azkenean ez dute erabili behar izan, baina gutun bateratu bat idatzi zuten, eta honako hau adierazi: agintera iristen zenak, edonor izanda ere, ez zezala apurtu ordura arte egindako guztia.

Eskola, familia...eta herria

Oinherri herri hezitzaileen elkartea 2012. urtean sortu zen, ideia argi batekin: eskola eta familia ez ezik, herria bera ere giltzarria zela hezkuntza-prozesuan. "Ardura hori konpartitua dela uste dugu", nabarmendu zuen Oinherriko koordinatzaile Maite Azpiazu Errazkinek. Herria "espazio hezitzailea" dela sinetsita, horrek eskaini behar duena definitzeko lanean ari dira. Gaur-gaurkoz, hamasei eragile batu dira egitasmora, eta 25 udalerrik osatzen dute herri hezitzaileen sarea. Foro horretan lau lan-ildo jorratzen ari dira: eskola kirola, hezkuntzarako herri-estrategiak, gazteen parte-hartzea eta espazio publikoaren eraldaketa.

Herri bat "modu kontzientean hezitzailea" dela zehazten duen zazpi giltzarriak definitu ditu Oinherrik. Denak azaldu zituen Azpiazuk, baina gehiago garatu zituen zenbait. Esate baterako, hau: haurra ez dela etorkizuneko herritarra soilik, gaur egunekoa ere bai, eta herrietan hartzen diren erabakietan parte hartzeko eskubidea duela, eta horretarako tresnak eskaini behar zaizkiola. Oinarri guztiak Oinherriren web-orrian kontsultatu daitezke.

Azkena, kudeaketa-ereduaren gainean

Gaur arratsaldean izango da Herrigintzen zikloko azken mahai ingurua, Mercero gunean, 18:00etatik aurrera: Herritarren parte-hartzea politika publikoetan: zertaz ari gara, nola eta zertarako? galderari erantzuteko gakoak emango dituzte Nerea Zubia Blazquez Oñatiko zinegotzi ohiak, Asier Etxenike Ugarte Aztikerreko ikerketa eta berrikuntza zuzendariak eta Taxio Arrizabalaga Azpiroz Lasarte-Oriako zinegotzi ohiak.

Erlazionatuak

Ekonomia, eraldaketarako tresna

Txintxarri Aldizkaria 2021 mai 19 Politika