Jarduera fisikoaren gaiaz hausnartu dute, ostegun arratsaldean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 21a, 12:03

Lasarte-Oriako EH Bilduk antolatutako Herrigintzen solasaldi-zikloari jarraipena eman diote aste honetan: Jarduera fisiko inklusiboak mahai inguruan parte hartu dute Usurbilgo Udaleko Jarduera fisiko eta Kiroletako zinegotzi Beñat Larrañaga Urdanpilletak, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean graduatu Izar Agirretxe Iradik eta Gorputz Hezkuntzako irakasle Joxan Unsain Iraolak 

Lasarte-Oriako EH Bilduko kide Uxue Loinazek Antonio Mercerora gerturatu diren ikus-entzuleei ongietorri egin ostean, Asier Gorostegi alderdiko kideak hartu du hitza. Hiru hizlariak aurkeztu ditu, "adituak eta arituak". Mahai ingurua bi zatitan banatu dute: aurrenekoan, gonbidatuetako bakoitzak luze eta zabal hitz egin du bere esperientziari buruz; bigarrenean, galdera irekiak egiteko txanda ireki, eta hitzaldiaren gaiari buruz hausnartu dute.

Beñat Larrañaga izan da hitza hartzen lehena, eta Usurbilgo Eskola Kirolaren gainean hitz egin du. Azaldu du eskaintza "oso zabala" zegoela Usurbilen 2017ra arte. Judoa, dantza, futbola, gimnasia erritmikoa, multikirola, eta beste hainbat diziplina eskaintzen zituzten. Nabarmendu du, udalak ekarpen ekonomiko "garrantzitsua" egiten zuela urte osoan zehar. 

2016an, ordea, "kezka bat" agertu zen Usurbilen. Ikastolan aldaketa pedagogiko bat ematen ari ziren garai hartan; haurraren nahi eta beharren inguruan hausnartzen, eta, guraso batzuek lantzen ari ziren eredua kirolera "oso bideratua" zegoenaren kezka adierazi zieten. 

Hezitzaileak ere "lehiakortasuna edo gatazkak" bezalako ezaugarriak nola kudeatu ere aztertzen hasi ziren, eta hori guztia bideratzeko, talde eragile bat osatu zutela azaldu du. Hortik zenbait hausnarketa atera zituzten: errendimendura bideratutako eredua zela, haurren ordutegiak eskolaz kanpoko ekintzez beteta geratzen zirela, eta, eredua "maskulinizatua" zegoela. 

Horrela, aldaketa bat emateko bidean, oinarri teoriko bat idatzi zuten, eta hortan oinarrituta, talde motoreanb aurrera egitea erabaki zuten; 2018. urtean 2018. urteko irailean Zirimara jarri zuten abian. "Eskola kirolaren baitako eskaintza bat gehiago de Zirimara. Inklusiboagoa, aniztasuna zaintzen dugu, ziurgabeagoa da, jolas motak zabalduz, adinak nahasten ditugu, eta abar". Azpimarratu du komunitatearekin loturak ere bilatu dituztela: "Familia planak sortu genituen, guraso eta haurrek elkarrekin zerbaitetan parte hartu zezaten". 

Gaur gaurkoz, aurrera begirako erronkak ere badituzte; adin txikikietatik hasitako eraldaketa hori, helduagoetara zabaldu nahiko lukete. 

Ideiak errealitatera ekartzeko zailtasunak
Hezkuntza eta Kirol Fakultatean graduatua da Izar Agirretxe Iradi lasarteoriatarra, eta master amaierako lanean egindako hainbat hausnarketa partekatu ditu mahai ingurura gerturatu diren herritarrekin. 

Irakaskuntzako praktikak egin zituenean sortu zitzaion master amaierako lana inklusibitatearen gainean egiteko ideia, eta, horretarako, hainbat eredu aztertzen hasi zen. Horrela, Heziberri planean inklusibitateak zuen lekua aztertu, eta, konturatu zen kurrikulumean idatzita jasotzen zena ez zetorrela bat errealitatearekin: "Kirol-hegemonikoetara jotzen da, eta balore femeninoagoak dituzten arloak alde batera uzten dira". Kontatu du baita ere irakasle batzuengan gorputz hezkuntzari heltzeko "beldurra" sumatu duela. Hori, akaso, formakuntza faltagatik gertatu daitekeela uste du.

Bere hitzartzea amaitu aurretik komunitateari egin dio erreferentzia: "Herri bezala, komunitatetik inklusibitatearen gaia jorratzeko ardura daukagu, jendea kontzientziatzekoa, eredu inklusiboak sozializatzekoa. Eraldaketarako tresna paregabea dela uste du. 

Berrogei urteko esperientzia
Joxan Unsain Iraola izan da hirugarren hizlaria. Berrogei urteko esperientzia du gorputz hezkuntzan, eta, azaldu duenez, urteek aurrera egin ahala, ikerketaren ikuspegitik, bere egunerokotasuna eztabaidan jarri du eta jarduera fisikoa beste ikuspegi batetik ikusten du. Sei urte igaro zituen ikertzen. 

Azterketa horretan ikusi zuen gorputz hezkuntza formala instituzionalki "oso egituratua" dagoela: "Diskurtsoa emana zetorren eta irakaslea zen autokritika egin zezakeen bakarra". Gaineratu du jarduera fisikoa oso "manifestazio konplexua" dela; gorputza heztea baino, gorputza erabili behar dela uste baitu; gorputza bitarteko bat dela. 

Horrela, eskuartean izan dutena berrinterpretatu egin behar dela uste du Unsainek: "Naziogintza partekatu nahi dugunen artean, uste dut salto kualitatibo handi bat eman behar dugula. Ezker ikuspegi batetik ere autokritika handia egiten dut. Garaia da". Onartu du, ordea, "korrontearen kontra" egitea ez dela batere erraza izango, baina, tradizioa eta ondarea eraldatzeko garaia iritsi dela azpimarratu du: "Menpekotasunak ezarri digun dinamika baten forofo ezin gara izan".

Maskulinitatearen gaia ere mahaigaineratu du: "Egoera federatua maskulinizatua dago erabat. Erraza da hau errepikatzea, ez dauzkazulako arazoak horrelako kirol-jarduerak martxan jartzeko". 

Hizlarietako bakoitzak bere esperientzia ikus-entzuleekin partekatu ostean, galdera irekien txanda zabaldu dute. 

Datozen hitzorduak
Datorren asteazkenean, maiatzaren 26an, Udaletik, eskolatik, herrigintzatik.... Herri hezitzaileak sortzen mahai ingurua izango da Udal euskaltegian, 18:00etan. Lasarte-Oriako EH Bilduk gonbidatuko ditu Errenteriako Udaleko Hezkuntza zinegotzi Itziar Ostolaza, Amaiur Herri eskolako zuzendari Nora Salbotx eta Oinherri elkarteko koordinatzaile Maite Azpiazu. Hurrengo egunean, hilaren 27an, ostegunarekin, laugarren eta azken solasaldia, 18:00etatik aurrera Mercero gunean: Herritarren parte-hartzea politika publikoetan: zertaz ari gara, nola, eta zertarako? izenburupean, kudeaketa-ereduaz jardungo dira hizlari hauek: Oñatiko zinegotzi ohi Nerea Zubia, Aztikerreko ikerketa eta berrikuntza zuzendari Asier Etxenike, eta Lasarte-Oriako zinegotzi ohi Gorka Lizarraga. 

Pandemiak eraginda, aretoetako edukiera mugatua izango da, eta, beraz, bertaratzeko asmotan dabiltzanek aurrez eman behar dute izena: 683 31 98 21 telefono-zenbakira deitu dezakete, edo lasarte-oria@ehbildu.eus helbide elektronikora idatzi.

 

 

 

 

Erlazionatuak

Ekonomia, eraldaketarako tresna

Txintxarri Aldizkaria 2021 mai 19 Politika