'HERRIGINTZEN' ZIKLOA

Ekonomia, eraldaketarako tresna

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 19a, 11:30

Lasarte-Oriako EH Bilduk antolatutako Herrigintzen solasaldi-zikloa hasi da: Ekonomia jendarte baten beharrei erantzuteko tresna gisa mahai inguruan parte hartu dute Hernaniko alkate Xabier Lertxundik, Kool Studioko jabe Karmele Salsamendik eta Argia Kazetaritza Independienteako kide Estitxu Eizagirrek. Antonio Mercero guneko aforoa bete dute lasarteoriatarrek.

Lasarte-Oriako EH Bilduko kide Uxue Loinazek aurkeztu ditu hiru gonbidatuak, "adituak eta arituak". Ondoren, Idoia Telleriak hartu du hitza, Herrigintzen zikloko lehenengo solasaldiko dinamizatzaileak. Mahai ingurua bi zatitan banatu dutela azaldu du: aurrenekoan, gonbidatuetako bakoitzak luze eta zabal hitz egin du bere esperientziari buruz; bigarrenean, galdera irekiak egiteko txanda ireki, eta hitzaldiaren gaiari buruz hausnartu dute, gizartea aldatzeko ekonomiatik ere eragiteaz, hain zuzen.

Gakoa, gauzak egiteko modua

Hernaniko alkatea da Xabier Lertxundi, eta hark gidatutako gobernu-taldeak 25-28 milioi euro arteko aurrekontua kudeatzen du urtero. Haren aburuz, gakoak datza "gauzak egiteko moduan", joera tradizionala eta logika kapitalista apurtzean; ekonomia sozial eraldatzailearen bitartez, aldaketak egiten hastean. "Tokiko garapen jasangarria bultzatu behar dugu, eredu demokratikoagoa baita; kontua ez da ondasunak pilatze hutsa, gizarteko kideek elkarrekin jardutea baizik".

Ekonomiaren alorrean hiru ardatzen bueltan jarduten du Hernaniko Udalak. Hauek dira: parte-hartzea sustatzea, erosketa publiko arduratsua egitea eta eraldaketa bultzatzeko proiektu eta ekimen zehatzak martxan jartzea. 25-28 milioi euro horietatik 500.000 bideratzen ditu Hernaniko Udalak proiektu parte-hartzaileak egitera. "Egia da prozesua mantsotzen duela, baina bidea herritarrekin batera egitea oso aberasgarria da, haiek gehiago inplikatzen dira egitasmoarekin eta harremanak trinkotu egiten dira". Duela pare bat urte arte, 16 urtetik gorako bizilagunei ematen zien ahotsa, baina 8 urtera jaistea erabaki zuten, horrek udal-korporazioan harrabotsa sortu bazuen ere. "Ikastetxeetako irakasleek esan digute ariketa oso interesgarria izan dela, eta, haurrei ere ahotsa emanez gero, txikitatik ohitzen ditugu parte hartzera".

Ekimen zehatz gehiago partekatu ditu Lertxundik ikus-entzuleekin. Aipatu du Goiener kooperatibako bazkidea dela Hernaniko Udala, eta Fagollagako zentrala kudeatzen ari direla. Horrez gain, Fiare banku etikoarekin elkarlanean ari dira, beste bideetatik maileguak-eta lortu ezin dituzten pertsonei laguntzeko.

Kool Studio

Kool Studio. Horrela izena du Karmele Salsamendi herritarraren proiektuak. Blas de Lezo kalean dago, eta barrura sartzen denak, mota askotako produktuak ikusi eta erosi ahalko ditu. Guztiek dute ezaugarri komun bat: moda jasangarriaren ardatzetik sortuak izan dira, eta elkarlanetik. Hasierako urratsak ez ziren errazak izan, lasarteoriatarrak zailtasunak izan zituelako lokala bilatzeko. Ekonomia zirkularreko produktuak saltzen hasi zen azokaz azoka, baina ez zen "erraza" izan, Salsamendik onartu duenez. 

Pop-up denda bat –epe labur baterako irekitzen diren negozioak dira– zabaldu zuen gero Salsamendik, herriko zenbait emakume sortzailerekin elkarlanean; lasarteoriatarrek harrera ona egin zioten, eta hor jaio zen Kool Studio. Eragile ugarirekin kolaboratzen jarraitzen du Salsamendik: Izan Iñurri egitasmoarekin, esate baterako; minbizia pairatzen ari diren familiak laguntzen dituzte proiektu horretako kideek. Une hauetan, eritasun horrengatik ilea galdu duten pertsonentzako zapiak egiten ari dira. 

Hausnarketa kolektiboa

Argia aldizkaria egiten duen lantaldeko kideetako bat da Estitxu Eizagirre. Mercero gunera ekarri du nolakoa izan zen hedabide horretako soldaten sistema aldatzeko prozesua. "Lan egiteko moduari buruz hitz egin genuen, gutako bakoitzak zituen ardurei buruz, soldatek eta ekonomiak zer-nola eragiten duten botere-harremanetan...". Eizagirrek adierazi du eztabaida "oso sinplea" izan zela: "Mahai gainean jarri genuen nolako eredua nahi genuen: eskailera mantendu, batzuk gorago besteak baino, ala beste eredu baterantz jo; sorpresa hartu genuen, denok nahi genuelako ordura artekoa aldatu".

Lehenik eta behin, langileen soldatak berdindu zituzten. Gero, lantaldeko kide bakoitzak burutzen dituen lanen zerrenda egin zuten, eta ardurak guztien artean banatu zituzten, modu honetan: bakoitzak gustura egin zezakeenetik. Langile bakoitza desberdina dela ulertu dute, eta hortik bilatu dituzte orekak. Ardurak banatze horretan, zuzendaritza postuek txandakakoak izan behar dutela zehaztu dute, 5 urtetakoak. "Lehenago edo beranduago, guztiok egongo gara hor", azpimarratu du Eizagirrek. "Elkarri begiratzen diogu erabakiak hartzerakoan, ez gora, han ez baitago inor".

Hurrengo hitzorduak

Hizlarietako bakoitzak bere esperientzia ikus-entzuleekin partekatu eta gero, galdera irekien txanda hasi zen. Saioaren dinamizatzaile Idoia Telleriak plazaratu zituen horietako batzuk, eta Mercero gunera bertaratutakoek ere parte hartu zuten.

Herrigintzen zikloa lau mahai inguruk osatzen dute. Bigarrena ostegun honetan izango da, maiatzak 20, Mercero gunean baita ere, 18:00etan. Jarduera fisiko inklusiboen gainean solastuko dira Gorputz Hezkuntzako irakasle Joxan Unsain, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean graduatu Izar Agirretxe eta Usurbilgo Udaleko Jarduera fisiko eta Kirol zinegotzi Beñat Larrañagak (herri horretako Eskola Kirola egitasmoko arduraduna ere bada). 

Datorren asteko asteazkenean, maiatzaren 26an, Udaletik, eskolatik, herrigintzatik.... Herri hezitzaileak sortzen mahai ingurua izango da Udal euskaltegian, 18:00etan. Lasarte-Oriako EH Bilduk gonbidatuko ditu Errenteriako Udaleko Hezkuntza zinegotzi Itziar Ostolaza, Amaiur Herri eskolako zuzendari Nora Salbotx eta Oinherri elkarteko koordinatzaile Maite Azpiazu. Hurrengo egunean, hilaren 27an, ostegunarekin, laugarren eta azken solasaldia, 18:00etatik aurrera Mercero gunean: Herritarren parte-hartzea politika publikoetan: zertaz ari gara, nola, eta zertarako? izenburupean, kudeaketa-ereduaz jardungo dira hizlari hauek: Oñatiko zinegotzi ohi Nerea Zubia, Aztikerreko ikerketa eta berrikuntza zuzendari Asier Etxenike, eta Lasarte-Oriako zinegotzi ohi Gorka Lizarraga. 

Pandemiak eraginda, aretoetako aforoa mugatua izango da, eta, beraz, bertaratzeko asmotan dabiltzanek aurrez eman behar dute izena: 683 31 98 21 telefono-zenbakira deitu dezakete, edo lasarte-oria@ehbildu.eus helbide elektronikora idatzi.

Erlazionatuak