Ibon Fernandez Iradi Parisko espetxera lekualdatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 25a, 17:48

Bake Bideak eta Bakegileek salatu dutenez, Ibon Fernandez Iradi preso lasarteoriatarra Lannemezandik Parisko La Sante espetxera urrundu dute. Erabakia "onartezina" dela azpimarratu dute. Herritarra larriki gaixo dago; esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten 2013an. Bi aldiz eskatu du zigorra etetea, baina epaitegiek bietan ukatu diote aukera hori.

Euroagindu bat tarteko, Ibon Fernandez Iradi herritarra Lannemezango espetxetik Parisko La Santera (ia 800 kilometro daude bien artean) urrundu dutela salatu dute Bakegileek eta Bake Bideak. Lasarteoriatarren osasun egoera larria aintzat hartuta, erabaki hori gaitzetsi dute bi eragileek. "Parisko ministerio publikoak, euskal aferei loturiko euroagindu eskaera guztiak jurisdikzio horretan zentralizatu nahi ditu", azaldu dute. "Paueko Dei Auzitegiak ere eskumena du euroaginduen gainean; ez zen beharrezkoa Pariseraino eramatea". Fernandez Iradiri esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten 2013. urtean, nahiz eta aurreneko sintomak lehenago pairatu zituen. 

Degeneratiboa eta sendaezina da gaitz hori. Eritasun hori era egoki batean artatzeko espetxean jarraitzea posible ez zela iritzita, epaitegietako bideari ekin zion Fernandez Iradik, defentsa abokatu eta senideekin batera, esklerosia zeukala jakin eta berehala. 

Bi eskaera

2014ko ekainaren 20an, Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak ebatzi zuen ez zirela bateragarriak espetxean jarraitzea eta eritasun larri hori, ezin zuelako jaso behar bezainbesteko arreta medikua. Bi baldintza ezarri zizkioten Fernandez Iradiri: Frantzian bizitzeko zeukan debekua altxatzea eta Pirinio Atlantikoetako departamentutik at finkatzea bizitokia. Helegitea jarri zion erabaki horri. Irailaren 25ean aztertu zuen errekurtsoa Dei Auzitegiak, baina behin betiko erabakia atzeratzen joan zen epailea: urrira hasieran, 2015ko martxora gero, maiatzera... Behin betiko erabakia 2016ko abenduaren 15ean iritsi zen: Fernandez Iradiren zigorra ez etetea erabaki zuen epaileak.

2019ko irail amaieran jarri zuen mahai gainean berriro kasu hori Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak. Iragarri zuen hilabeteko epean emango zuela erabakiaren berri, baina azkenean azarora arte luzatu zen kontua, 12ra arte. Orduko horretan ere, txosten medikuak eskuetan, auzitegi hori Fernandez Iradiren kondena etetearen alde agertu zen. Gainera, epaileak adierazi zuen ez legokeela ihesaldi arriskurik herritarra kaleratuz gero. Prokuradoreak helegitea jarri zion deliberamendu horri, eta prozesua atzeratu egin zen berriro. Urtarrilaren 13an egin zuten epaiketa, eta otsail amaieran jakinarazi erabakia. Duela hiru urte pasatxo egin bezala, epaileak erabaki du suspentsioa ez ematea.

 

Erlazionatuak

Ezezkoa epaitegietan, bigarrenez

Txintxarri Aldizkaria 2020 mar 06 Politika