Ezezkoa epaitegietan, bigarrenez

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 6a, 12:52
Lasarte-Oriako Sarek deituta, hainbat herritar mobilizatu ziren joan den asteko ostiralean, Ibon Fernandez Iradi eta larriki gaixo dauden gainontzeko euskal presoak askatzea galdegiteko.

Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak ez du onartu Ibon Fernandez Iradi herritarraren zigorra etetea. Helegitea jarri dio presoak, espetxetik. Europaraino joateko prest daudela adierazi du defentsak. Epailearen erabakia "oso mingarria" izan da familiarentzat.

Ibon Fernandez Iradiren senideak egongelan. Telefono dei bat. Aparailua eskuetan hartu eta bozgorailua jarri. Ibonen ahotsa. "Ongi joan da, nekatuta nago luze joan delako. Dossier medikuak berrikusi ditugu: gure aldekoak dira, baina eurak zer erabakiko duten, inoiz ezin duzu jakin". Horrela hasten da Oihu anizkoitza dokumentala, 2014. urtekoa: esplikatzen du euskal preso lasarteoriatarraren egoera zein den. Labur esanda: larriki gaixo dago, eta kartzelan, Lannemezanen (Frantzia), herritik 800 kilometrora. 2013an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten, nahiz eta aurreneko sintomak lehenago pairatzen hasi; degeneratiboa eta sendaezina da gaitza. Eritasun hori era egoki batean artatzeko espetxean jarraitzea posible ez zela iritzita, epaitegietako bideari ekin zion Fernandez Iradik, defentsa abokatu eta senideekin batera, esklerosia zeukala jakin eta berehala. Oraindik ez da helmugara iritsi. 

"Dossier medikuak gure aldekoak dira, baina eurak zer erabakiko duten, inoiz ezin duzu jakin". Ia sei urte pasa dira telefono hizketaldi horretatik, baina esaldi horrek deskriba dezake gaur egungo egoera zein den. Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak otsailaren 27an erabaki zuen Fernandez Iradiren zigorra ez etetea. 2019ko azaroaren 12an, auzitegi horretako epaileak aurkakoa deliberatu zuen:herritarraren kondena etetearen alde egin zuen. Erabakiaren berri izan bezain laster helegitea jarri zion prokuradoreak. Urtarrilaren 13an egin zuten epaiketa Dei Auzitegian.

"Auziaren mamia honakoa da: txosten medikuak eta hainbat datu eskuetan, lehen auzitegiko epaileek aztertu zuten ea praktikan betetzen ote ziren edo ez Ibon behar bezala artatua izateko baldintzak; ikusi zuten ezetz", azaldu du defentsa abokatu Maritxu Paulus Basurkok. "Oraingo epaileek, Dei Auzitegikoek, esan dute teorian bete daitezkeela baldintza horiek, medikuak zehazten dituenak, tratamendua egokia izan dadin. Teorian dena egin daiteke, baina hori ez da kontua, baizik eta praktikan zergatik ez diren gomendioak [tratamendu jarraitua, sendagaiak, terapia osagarriak, e.a.] betetzen, baina epaile horiek ez dute aztertu: haien irudiko, Ibonek badauka tratamendua, nahiz eta egokia ez izan; horrekin aski zaie. Onartezina da guretzat, legeak esaten duelako gaixo dauden presoak egokiro artatuak izateko eskubidea dutela, ez okerrago".

Maritxu Paulus Basurko: "Epaileek diote Ibonek badaukala tratamendu bat eta aski dela horrekin, egokia ez den arren" 

Abokatuak etsipenez hartu du Zigorrak Ezartzeko Auzitegiaren erabakia. Familiak ere bai. Fernandez Iradiren bikotekide Ainara Fresnedaren hitzetan, "oso mingarria" izan da: "Amorrua sentitzen dugu, min handia, eta inpotentzia: ikusten dugu ezin dugula ezer egin, gogorra da. Ibonentzat batez ere: bera esnatzen da goizero espetxean, berak pairatzen du egunero gaixotasuna". Fresnedak dio "gaizki" dagoela herritarra, "kolpea" jaso duela ezezkoaren berri izatean. "Lo gutxi egin du egunotan, tentsio askokoak izan dira horiek, eta estresak eta beste hainbat faktorek areagotu egiten dituzte esklerosi anizkoitzaren sintomak". 

Ezezko sistematikoak

Etsipenez, baina ez ezustean. Paulus Basurkok adierazi du bazuela zigorraren suspentsioa lortzeko itxaropena, aurkeztutako txostenetan "datu oso objektiboak" erakutsi dituztelako, baina azken erabakiaren berri izatean ez duela sorpresarik hartu, dei auzitegiak "sistematikoki" hartzen dituelako euskal presoekin lotura duten kasuen inguruko ezezko erabakiak. "Beldur hori bageneukan, beti jasotzen ditugulako ezezko erantzunak, nahiz eta baldintzak eta txostenak gure oso aldekoak izan". Fresnedak ere bazeukan itxaropena Ibonen zigorra eten zezaten, baina beldurra ere bai: "Borondaterik balute, Ibon kalean legoke honezkero. Baina ez dute nahi, eta horretan jarraitzen dute. Erabakiak politikoak dira".

Epailearen deliberamenduaren berri izan eta berehala jarri zuen helegitea Fernandez Iradik, espetxean. Hilabeteak pasako dira hori aztertu arte, defentsa abokatuak azpimarratu duenez: "Ez dago guztiz zehazterik, baina urtebete inguru igaro daiteke". Hori ez da ona Fernandez Iradiren egoerarentzat: "Denbora gure aurka doa: esklerosi anizkoitza sendaezina da, eta espetxe barruan jarraituta, okerrera egin dezake Ibonen osasunak". 

Beharrezkoa balitz, Europaraino joateko prest dagoela adierazi du Paulus Basurkok. "Kontuan hartu behar da ate hori jotzen duten kasuen %95a ez dela hara iristen, baina uste dugu nahikoa arrazoi eta datu baditugula esku artean bertara joateko eta kasua irabazteko". Pasa den astean "kolpea" jasota ere, Fresnedak badu esperantza, Ibonen kasua Europara iritsiko balitz, zigor etetea lortzearena: "Badirudi Europan gisa honetako epaiak ez daudela horren politizatuak". Dena den, badaki horrek luze jo dezakeela: "Horraino iritsi bitartean, kartzelan jarraituko du Ibonek, esklerosiarekin, era egoki batean artatua izan gabe... Suspentsioa emango baliote, kalean legoke, tratamendu aproposa jasotzeko aukera gehiagorekin. Sei hilabetero ikusiko luke neurologo batek; espetxean egonda, gaixotasun hori zuela jakin zuenetik, zortzi urtean behin bakarrik ikusi du mediku hori presentzialki, eta bideokonferentzia bidez beste behin. Lotsagarria da".

Ainara Fresneda: "Zortzi urtean behin bakarrik ikusi du neurologoa presentzialki, eta bideokonferentzia bidez beste behin. Lotsagarria da"

Suspentsio egoeran, ez aske

Fernandez Iradiren defentsa abokatuak zehaztu du zigorraren suspentsioa lortzea ez dela guztiz aske geratzea: "Ibon askatuko balute, mediku batek sei hilabetero berrikusiko luke bere egoera; esan ahal dezake espetxera bueltatzeko moduan dagoela denbora hori pasa eta gero; epaileak hartu beharko luke zigor-etete hori bertan behera uzteko erabakia. Egoera gogorra da presoarentzat". 

Eskaera hori 2013an egin zuen aurrenekoz Ibon Fernandez Iradik, esklerosi anizkoitza zeukala jakin eta berehala. 2003an espetxeratu zuten, ETAko kide izatea egotzita. 30 urtera kondenatu zuten. 2010ean espainiaratu egin zuten, irekita zeuzkan auziengatik epai zezaten. Bi urte pasa zituen han. Gaixotu egin zen orduan, eta berehala egin zuen okerrera bere egoerak: ohetik altxa ezinik geratu zen, bere kabuz jateko aukerarik gabe... Mielinitisa zeukala esan zioten, benetan gertatzen zitzaiona zehazki jakin gabe. Kontsulta mediku bat, lehena, eskatu eta hilabete askora onartu zuen espetxeak. Bitartean, Fernandez Iradik ez zuen tratamendurik jaso.

Diagnostiko zehatza azterketa hori pasa eta bi urtera iritsi zen: esklerosi anizkoitza, gaixotasun degeneratibo eta sendaezin bat. Orduan ekin zion epaitegietako bideari. 2014ko ekainaren 20an, Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak ebatzi zuen ez zirela bateragarriak espetxean jarraitzea eta eritasun larri hori, ezin zuelako jaso behar bezainbesteko arreta medikua. Bi baldintza ezarri zizkioten Fernandez Iradiri: Frantzian bizitzeko zeukan debekua altxatzea eta Pirinio Atlantikoetako departamentutik  at finkatzea bizitokia. Helegitea jarri zion erabaki horri. Irailaren 25ean aztertu zuen errekurtsoa Dei Auzitegiak, baina behin betiko erabakia atzeratzen joan zen epailea: urrira hasieran, 2015ko martxora gero, maiatzera... Behin betiko erabakia 2016ko abenduaren 15ean iritsi zen: Fernandez Iradiren zigorra ez etetea erabaki zuen epaileak.

2019ko irail amaieran jarri zuen mahai gainean berriro kasu hori Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak. Iragarri zuen hilabeteko epean emango zuela erabakiaren berri, baina azkenean azarora arte luzatu zen kontua, 12ra arte. Orduko horretan ere, txosten medikuak eskuetan, auzitegi hori Fernandez Iradiren kondena etetearen alde agertu zen. Gainera, epaileak adierazi zuen ez legokeela ihesaldi arriskurik herritarra kaleratuz gero. Prokuradoreak helegitea jarri zion deliberamendu horri, eta prozesua atzeratu egin zen berriro. Urtarrilaren 13an egin zuten epaiketa, eta otsail amaieran jakinarazi erabakia. Duela hiru urte pasatxo egin bezala, epaileak erabaki du suspentsioa ez ematea.

"Itxaropena ez dugu sekula galduko; aurrera egingo dugu", azpimarratu du Ainara Fresnedak. Defentsa abokatu Maritxu Paulus Basurkok aitortu du "inpotentzia handia" sentitzen duela, ikusten duelako luzatzen eta luzatzen doala prozesua, eta ez dutela eteten Fernandez Iradiren zigorra.  Baina ez du amore emango: "Borrokan jarraituko dugu".

Mobilizazioak herrian

Urteotan mobilizazio ugari egin dituzte herritarrek, Ibon Fernandez Iradi eta gainontzeko euskal presoak askatzea galdeginez. Azkena, joan den asteko ostiralean, Lasarte-Oriako Sarek deituta. Larriki gaixo dauden presoak etxera lelopean, erdiguneko kaleak zeharkatu zituzten. 

Sarek adierazi du "gizartea aktibatzen" eta norbanako, eragile eta alderdi politikoen artean "kontsentsuak bilatzen" segiko duela. "Duela bost urtetik daramagu hori egiten, sortu ginenetik". Fernandez Iradiren zigor eteteari buruzko epaia baloratu du, "ezinegona eta haserrea" adieraziz: "Kalean behar du Ibonek, duin arta dezaten, konfiantzazko medikuekin eta senitartean, eta ez heriotzaren bezperetan askatua izan".