Ibon Fernandez Iradiren egoerarengatik kezka adierazi dute Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 12a, 11:48
Lasarte-Oriako Sarek deituta, kontzentrazioa egin dute Ibon Fernandez Iradi herrikidearen egoera salatzeko.

Dozenaka herritar elkartu dira Okendo plazan asteazken arratsaldean, Ibon Fernandez Iradi larriki gaixo dagoen euskal presoaren egoera salatzeko eta horren aurrean kezka adierazteko: "Ekidin zitekeen". Esklerosi anizkoitza dauka herritarrak, eta asteon positibo eman du COVID-19aren proban. Javi Gallaga herrikidearen berri eman dute ere agerraldian; Cordobako espetxean hamabost urte daramatza isolamenduan.

Fernandez Iradik, defentsako abokatuak eta familiak behin baino gehiagotan eskatu dute herritarraren zigorra etetea, pairatzen duen eritasun larri hori "baldintza egokietan" artatua izan dadin. Horretarako, ezinbestekoa da euskal presoa Lannemezaneko kartzelatik (Frantzia) ateratzea. Bi eskaera egin dituzte urte hauetan, eta biak ezeztatu dituzte epaitegiek. Bigarren eskaera onartu egin zuen Parisko Dei Auzitegiak 2019ko azaroan, baina aurtengo otsailean bertan behera utzi zuen Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak. Fernandez Iradiri 2013. urtean diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza. 

Asteon COVID-19aren proba egin diote lasarteoriatarrari, eta positibo eman du; sintomak dauzka eta zeldan bakartu dute. Lasarte-Oriako Sarek kontzentraziora deitu du asteazken arratsaldean, eta dozenaka herritarrek bat egin dute ekimenarekin, Fernandez Iradiren egoera salatzeko eta bera eta larriki gaixo dauden gainontzeko presoak etxeratzea eskatzeko.

Jabi Gallagaren egunerokoa

Jabi Gallaga herritarrak ia 24 urte daramatza espetxean. Cordoban daukate preso gaur egun; azken hamabost urteak isolamenduan eman ditu. Lasarte-Oriako Sareko kideek jakitera eman dutenez, duela bi aste atera dute egoera horretatik, eta lehen graduan dago gaur egun. "Ez dauka gainontzeko presoek egunerokoan burutzen dituzten jarduerak egiteko eskubiderik". 

Bake prozesua indartzeko Foro Sozialak txosten bat aurkeztu berri du Cordobako espetxeari buruz. Gai hori eta Gallagaren egoera hizpide hartuta, mahai ingurua antolatu du Lasarte-Oriako Sarek azaroaren 21erako, larunbatez, 10:30ean, Udal Euskaltegiko hitzaldi aretoan. Maider Galardi kazetari lasarteoriatarrak eta Espetxe politikaren behatokiko ordezkari Teresa Todak parte hartuko dute. Antolatzaileek jakinarazi dute edukiera mugatuko ekitaldia izango dela, baina joaterik izango ez dutenek streaming bidez jarraitu ahalko dutela solasaldia, Palmondo Irratiko lagunek zuzenean emitituko baitute. 

Erlazionatuak

Ezezkoa epaitegietan, bigarrenez

Txintxarri Aldizkaria 2020 mar 06 Politika