COVID-19

Bi kasu baieztatu dituzte astelehenean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021eko maiatzaren 25a

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak asteleheneko datu epidemiologikoak jaso, eta txostena argitaratu dute. Horren arabera, maiatzaren 24an bi positibo erregistratu dira herrian, bezperan baino bat gehiago; hilabetea hasi zenetik 87 kutsatze zenbatu dituzte gurean. Intzidentzia-tasa metatua 178,52koa da.

2020ko martxo erdialdean hasi ziren erakunde horiek datu epidemiologikoen berri ematean. Ordutik gaur egunera arte, 1.656 lasarteoriatar kutsatu ditu COVID-19ak, ehun biztanletik ia bederatzi (%8,7). Gaixotasuna pairatu duten pertsonetatik 22k ezin izan dute gaitza gainditu, eta zendu egin dira. Intzidentzia gehieneko hilabetea iazko azaroa izan da; 275 kutsatze erregistratu zituzten.

Zortzi positibo eskualdean

Hernanin hiru kasu, Lasarte-Orian bi, eta bana Andoainen, Urnietan eta Usurbilen; Astigarragan, aldiz, bakar bat ere ez. Hori izan da maiatzaren 24ko balantzea Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan. Eremu horian daude seiak, 60 eta 299ra arteko intzidentzia-tasa metatuekin.

EAEko hiru lurralde historikoetan 276 kutsatze atzeman dituzte astelehenean; horietatik 91, Gipuzkoan. 8.729 PCR eta antigenoen proba egin dira egun horretan; positibotasun-tasa %3,2 izan da. Koronabirusagatik 212 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzako zentroetan; sintoma larriak dituzte 117k, eta ZIU unitateetan daude. Maiatzaren 24an 40 gaixo erietxeratu behar izan dituzte.