COVID-19

Lasarte-Orian sei kasu baieztatu dituzte asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2021eko maiatzaren 24a

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteburuko datuekin osatutako txostena argitaratu dute. Horren arabera, herrian sei kasu erregistratu dituzte maiatzaren 21etik 23ra; hilabetea hasi zenetik, aldiz, 85 izan dira. Koronabirusaren intzidentzia-tasa metatua jaisten ari da gurean: 178,52koa da gaur-gaurkoz.

Datu ofizialen arabera, 2020ko martxotik gaur arte 1.654 lasarteoriatar kutsatu ditu COVID-19ak, biztanleriaren %8,6. 22 pertsonak ezin izan dute gaixotasuna gainditu, eta zendu egin dira. Intzidentzia gehieneko hilabetea iazko azaroa izan da; 275 kutsatze zenbatu zituzten.

Beterri-Buruntza eskualdeko sei herrietan hogei positibo detektatu dituzte maiatzaren 21etik 23ra: sei Lasarte-Orian, launa Astigarragan eta Urnietan, hiruna Andoainen eta Hernanin, eta bakar bat ere ez Usurbilen. Udalerri guzti horiek eremu horian daude, 60 eta 299 arteko intzidentzia-tasa metatuarekin.