Taldea iaz xede beraren inguruan egindako bilera batean sortu zen, neska* gazteen ideiari lotuta. Zein gogo, ideia eta ekarpen egin nahi zituzten partekatu zuten eta bildutako hori guztia, hiru bloketan banatu zuten: formakuntza edo ikasi nahi zuten hori, elkar ezagutza eta herriari begirako ekintza bat, "hemen gaudela erakusteko".
Hilabeteotan betetzen joan dira zehaztutakoa. Azken ildoa duela pare bat aste Okendo plazan ikusgai jarri zuten erakusketa izan zen, aurrez elkarrekin egindako gogoeta batean oinarrituta. Izan ere, eurak gazteak badira ere, herrira zabaltzen ahalegindu dira azken hilabeteetan.
Gaurko bilera irekia zen eta taldearen berri izan nahi zuen emakume bat bertaratu da, aurtengo eskualdeko udaleku feministetarako proposamena prestatzen hastekotan zirela. Laguntza emateko eskaini du bere burua eta taldeari buruzko jakin mina adierazi die. Hala, aSUnak zer den eta izan duen bilakaeraren berri eman diote.